Tolosako landa bideak garbituko dituzte

Ataria 2021eko irailaren 10a

Udalak zerbitzua esleitu ondoren, baserrietara doazen bide zolatuen bazterrak, sastrakak eta arekak garbituko dituzte, urtea amaitu bitartean.

Tolosako Udala hasi da landa bideak eta bide bazterreko sastrakak garbitzen, bi urterako plangintza osatu eta lehiaketa publiko bidez lanak Belarmendi SL enpresari esleitu ondoren. Erabilera publikoko bideak segurtasun eta erabilgarritasun baldintza onetan mantentzea da helburua.

Dagoeneko hasi dira baserrietara doazen bide zolatuen bazter eta ezpondetako sastrakak eta arekak garbitzen, eta zuhaitzak eta luizi txikien ondorioz eroritako lurra eta haitzak kentzen, Aldaba auzoan. Hilaren 13tik 26ra Bedaion jarraituko dute, eta urriaren 18tik azaroko lehen astera bitartean, Monteskuen. Azaroko azken astean Urkizun ekingo diete lanei, abenduko lehen astean Santa Luzian eta, azkenik, abenduko bigarren astean Usabalgo landa bideak garbituko dituzte.

Guztira, 67.344,2 m landa bide garbituko dituzte, abenduko bigarren astera bitartean., eta orotara, 46.282,5 euroko (BEZ barne) kostua izango dute lanek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!