ERREPORTAJEA

Barruko munduari begira

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ira. 10a, 07:57

Iosu Lasa eta Agus Tena. E. MAIZ

Iosu Lasa legazpiarrak Tolosako 3 tabernan du jarria koadro erakusketa, eta hilaren 19a bitartean egongo dira lanak ikusgai; gaixotasun mentala du Lasak, eta bere errealitatea gizarteari erakustea du helburu.

Tolosako 3 tabernan erakusketa berezia ikus daiteke egunotan. Hilaren 19a bitartean egongo dira Iosu Lasa legazpiarraren koadroak ikusgai, eta erosteko aukera ere badago. Iosu Lasak gaixotasun mentala du. Ez da lehen aldia erakusketa jartzen duela, eta Lasak bere barne mundua artelanen bidez ezagutzera gonbidatzen du.

Txiki-txikitatik datorkio marrazketarako zaletasuna, eta bere ikasketak horretara bideratu izan ditu. Marrazkia bere bizitzaren parte da, eta oso gaztetatik garatu du berarentzat zaletasun bat baino zerbait gehiago den marrazketa. «Nire grina da», dio.

Haurra zenean eta eskolara joaten zenean ipuinak idazten zituela, antzerki lanetan parte hartzen zuela eta poesia errezitatzen zuela kontatu du: «Nik gogoratzen dudanetik, beti lagundu izan dit nire poema-koadernoak. Gero pintatzen eta marrazten hasi nintzen, eta ordutik nire lanak prestatzen eta hobetzen ikasi dut».

Debako Arte Eskolan hasi zuen Lasak bere arte prestakuntza, eta, ondoren, pintura ikasketak egin zituen Bilbon, eta horrez gain, Beasainen, Jokin Telleria artista «maitearekin» ere egin izan duela lan kontatu du.

 

Iosu Lasa: «Marrazteak betetzen nau, eta, neurri batean, menderatzen dudan zerbait da. Izugarri gustatzen zaizkit lortzen ari naizen emaitzak, eta pozez betetzen nau»



«Marrazteak betetzen nau, eta, neurri batean, menderatzen dudan zerbait da. Izugarri gustatzen zaizkit lortzen ari naizen emaitzak, eta pozez betetzen nau», dio Iosu Lasak artistak.

Bolaluma bat eskuan, beti tinta beltzez marrazten du. Ez du inoiz kolorerik erabiltzen, eta egunero bi ordu eskaintzen dizkio bere grinari. «Gauzak egiten dituzu, egun bat bestearekin nahasten duzu, aldaketak egiten dituzu...», erantsi du.

Tolosako 3 tabernan ikusgai dagoen obra 40 piezaz osatuta dago, eta, bere ohiko estiloari jarraituz, barne errealitate bat adierazten du.

Iosu Lasa Aita Mennik Beasainen duen Errehabilitazio Psikosozialeko Zentrora joaten da egunero duela zenbait urtetatik. Beasaingo zentro hau auzo-komunitate batean dago, eta osasun mentalaren arloan lan terapeutikoa egiten dute 2008az geroztik.

Populazioaren ehuneko handi batek bezala, «Iosuk gaixotasun mentala du aspalditik, eta horrek ez dio galarazten eguneroko bizitza normalizatua egitea, baldin eta kanpoko laguntza batzuk baditu», adierazi dute Aita Mennitik.

«Herritarrek ez dituzte ezagutzen mota horretako osasun-arazoak, eta, gainera, estigma soziala eta kolektibo horrek dituen aurreiritzi negatiboak direla eta, oso zaila da Iosu bezalako pertsonen eguneroko bizitza», azpimarratu dute zentrotik.

Zientziak aurrerapauso handiak eman dituela esan dute, eta tratamendu mediko, psikiatriko, psikologiko eta sozialetan egin den aurrerapenari esker, «gaur egun, baliabide ugari eskaintzen ditugu, Iosu eta bere familietako pertsonei, gaixotasun somatikoak dituzten gainerako pertsonen antzeko bizi-kalitatea lortzen laguntzeko».

Oraindik bide luzea dutela egiteko zehaztu dute zentrotik, baina, «egun batetik bestera, gaixotasunak tratatzeko benetako berdintasunera hurbiltzen ari gara, gaixotasunen jatorria bereizi gabe, eta buru-arloan muga duten pertsonak baztertu gabe».

Iosu Lasa: «Harrotasunez betetzen nau, nik bezala, eguneroko bizitzan sufritzen duten, eta laguntza gutxiago duten beste pertsona batzuei lagundu ahal izateak»


Zeregin horretan dihardute Gipuzkoako osasun eta gizarte eta osasun arloko erakundeek. Aita Menni Errehabilitazio Psikosozialerako Beasaingo Zentroa Aita Menni euskal osasun-erakundearena da, eta hainbat zentro ditu EAEn banatuta. Zentro horiek buru-eritasuna duten pertsonei, garuneko kalteak dituzten pertsonei, adimen-urritasuna duten pertsonei eta adineko pertsonei laguntzen diete.


Mota honetako zentroen helburu nagusia, Gipuzkoan zehar banatutako beste zentro soziosanitario batzuen antzera, «buru-asaldurak dituzten pertsonek komunitatean eguneroko bizitza normalizatua garatu ahal izatea da, eta gainerako herritarrek bezala, aktiboki eta modu integratzailean parte hartu ahal izatea», diote Aita Mennikoek.


Helburu hori lortu ahal izateko, zentro soziosanitarioek diziplina arteko talde terapeutiko bat dute, psikologiako, gizarte-laneko, terapia okupazionaleko eta gizarte-integrazioko profesionalekin. Guzti horiek, osasun-sare espezializatuarekin koordinatuta lan egiten dute, eta banakako errehabilitazio planak diseinatzen dituzte. «Gizabanakoen gaitasunak indartzeko, eta pertsona bakoitzak eskatzen duen kanpoko laguntza eskaintzeko eta bideratzeko, eta ahalik eta bizi-kalitate egokiena lortzeko». Pertsona bakoitzean oinarrituta egiten dute lana.

Hala ere, azpimarratu dute, «helburu hori lortzeko ezinbestekoa da interesdunak berak errehabilitazio prozesuan parte hartzea». Horrez gain, beharrezkoa du gizabanako bakoitzak bere ezaugarri pertsonalak ezagutzea gaitasunak eta mugak eta, laguntza-taldeen laguntzarekin, bizitzan lortu nahi dituen helburuak ezartzea: «Pertsona bakoitzak bere bizi-proiektuan zer lortu nahi duen entzunda, eta kontuan hartuta bakarrik, osasuneko profesionalek lagundu eta orientatu ahal izango dute kasu bakoitzean».


Beasaingo Zentroko psikologoa da Agus Tena tolosarra: «Gertatzen zaienaz hitz egitea garrantzitsua da, osasun mentalari buruz hitz egiten dugunean denok ditugu zalantzak». Gai honi naturaltasunez eta beldurrik edo aurreiritzirik gabe heldu behar zaiola azpimarratu du Tenak. «Denok entzun ditugu eskizofrenia, nahasmendu bipolarra, depresioa, antsietatea..., uste dut nahaste handia dagoela gizartean. Batzuetan konnotazio negatiboarekin erabiltzen diren terminoak dira», argitu du psikologoak. «Psikopatologia terminoaren etimologia 'buruaren sufrimendua' da, eta, beraz, ulertu behar da gaixotasun horien atzean beti daudela sufritzen duten pertsonak, biografia batekin eta izen-abizenekin».

Agus Tena: «Denok entzun ditugu eskizofrenia, nahasmendu bipolarra, depresioa, antsietatea..., uste dut nahaste handia dagoela gizartean»


Lasak, «etsipen» eta «tristura pixka batekin» esan du, «bada gutaz fio ez den jendea. Arraroak garela uste dute, ez garela errealitatean bizi, ez eta errealitatetik kanpo ere; baina gu mundu osoko errealitatean bizi gara, eta gainera bakoitzaren errealitatean», azaltzen du. «Jende atsegina dago, baina beste batzuk arazo hori duzula jakitean, saihestu egiten zaituzte edo ekiditen ahalegintzen dira, eta ez dizute kasurik egiten», gaineratu du.

Marraztetik erakusketara

Iosu Lasak herritarrak Tolosako 3 tabernan jarri duen erakusketa ikustera animatzen ditu, eta «eskerrak» eman nahi dizkio, beste behin ere, 3 tabernako Patxi Egilazi, eman dion laguntzagatik; «oso jatorrak dira eta asko laguntzen didate», erantsi du.


Ikusgai dauden lanak salgai daude, eta dagoeneko batzuk saldu ere egin ditu. «Norbaitek barne-mundu horren zati txiki bat erosi nahi badu ere. Iosuk mundu hori ezagutzera gonbidatzen gaitu», azpimarratu dute zentrotik.

Jendea harritu egiten dela koadroak ikusten adierazi dute Aita Menni zentrotik: «Tratuan eta irudikatutako pertsonaietan arretaz begiratu ondoren, ikuslearen arreta erakarri, eta mundu oniriko batera eramaten gaituzte, mezu inplizituak askatzeko asmamena areagotuz». Eta Lasaren lanak arretaz begiratuz gero, «nekez lortzen dugu gu ados jartzea Iosuren benetako asmoekin, begirada bakoitzak, adimen bakoitzak, eta, azken batean, pertsona bakoitzak sentsazio desberdinak hautematen baititu».

Aurretik esan moduan, koadroak erosi egin daitezke eta bildutako dirua, «etorkizuneko lanak finantzatzeko erabiliko da oso-osorik, eta, hala, Lasaren benetako pasioari eusteko», nabarmendu dute Lasaren zentrotik. Hala ere, diru guztiaren %20 Aita Mennik Liberian (Afrika) garatzen duen We Are Like You proiektuari emango diote, buru-eritasuna edo adimen-urritasuna duten emakumeentzako osasun instalazio egokiak sortzeko eta mantentzeko.

«Harrotasunez betetzen nau, nik bezala, eguneroko bizitzan sufritzen duten, eta laguntza gutxiago duten beste pertsona batzuei lagundu ahal izateak», dio Lasak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!