Taldeak eskarmentua hartzea da helburua

Imanol Garcia Landa 2021ko ira. 8a, 19:58

Hirugarren Mailako Tolosa CF eta Beasain taldeen arteko partidaren une bat. LEYRE CARRASCO

Tolosa CF-ko Hirugarren Mailako taldeak porrotarekin hasi du denboraldia, 1-2 galduz Beasainen aurka Berazubin.

Futboleko Hirugarren Mailako Tolosa CF taldeak hasi du 2021-2022 denboraldia. Asteburuan izan zuen lehen partida eta Beasainen aurka 1-2 galdu zuen Berazubin. Mikel Arruabarrena entrenatzaileak azaldu duenez, «denboraldi-aurreko emaitzek ez ziguten asko lagundu eta urduritasun pixka batekin atera ginen. Talde oso indartsu baten aurka lehiatu egin genuen, eta jubeniletatik eta preferentetik igo diren jokalari berri guztiak elkartzeko partida bat izan da».

Hain justu, jokalari berri asko dituzte denboraldi honetako taldean, eta mailara egokitzea pixka bat kostatu egingo zaiela esan du Arruabarrenak: «Talde oso gaztea dugu, eta lehen partidan lehiatu genuen, baina gauza asko hobetu behar ditugu. Aurreko denboraldian baina pixka bat berdeago gaude, eskarmentu gutxiago dugulako, baina lana egiteko gogoz gaude eta ea jende gazte guzti honek bere onena atera dezan lortzen dugun».

Aurreko denboraldia bukatuta, zenbait jokalarik utzi egin zuten taldea, eta beste batzuk taldez aldatu ziren. «Aurreko denboraldia nahiko polita izan zen, eta lau jokalari inguru bakarrik geratu dira. Beraz, talde berri oso bat egin behar duzu, eta egokitzapen denbora bat behar dute. Zailtasunak ere izan ditzakegu gurekin sinatzeko, ekonomikoki ez baitugu ordaintzen, eta apustua jende gaztearen aldekoa izan da, etxeko jende gaztearen aldekoa». Hamahiru jokalari berri etorri dira eta jubenilen taldetik zein preferentetik beste zazpi igo dira.

Maila mantentzea da asmo nagusia denboraldirako, baina aurten aurreko bi urtetan baino zailagoa izango dutela esan du Arruabarrenak. «Hirugarren Mailan aurretik jokatu ez duten jokalari asko ditugu eta gure erronka, hain justu, mailara egokitzea izango da». Epe luzera begira beste helburu batzuk dituztela dio: «Ea lortzen dugun hamabost bat jokalari Tolosa ingurukoak izatea, jende gaztearekin. Azken finean, etxeko jendez beteriko talde handi bat egin nahi da. Horretarako gazteei aukerak eman behar zaizkie».

AURKARI INDARTSUAK

Beasainen aurkako lehen partidan izandako sentsazioak ez zirela hain txarrak izan zehaztu du Arruabarrenak. «Egia da bigarren zatian, 1-2koa lortu eta gero, ondo geundenean, ez genuela aukerarik sortu, baina kontuan izan behar dugu aurrean oso talde gogorra zegoela, mailaz igotzeko asmoz dagoena eta ekonomikoki oso indartsua dena».

Aurten liga erregularragoa izango da, 20 taldeko multzoan baitago Tolosa, eta ez iaz bezala bi azpimultzotan antolatuta. «Guri ondo etorriko zaigu, lehen esan bezala, kosta egingo zaigulako mailan sartzea», zehaztu du entrenatzaileak. «Gainera, oso hasiera gogorra dugu, eta ondo etorriko zaigu jokalari guztiak ondo ezagutu eta zer eman dezaketen ikusteko». Halere, denboraldi honetan, aurrekoan bezala, sei talde mailaz jaitsiko direla nabarmendu du, eta horrek gogortu egiten duela liga. «Bigarren B mailatik Barakaldo, Leioa, Portugalete... jaitsi dira, oso talde gogorrak. Beraz, egokitzapen bat beharko dugu, baina aldi berean garrantzitsua izango da puntuak pilatzen joatea».

JUBENILAK, MAILA GORENEAN

Gizonezkoen jubenileko lehen taldeak iaz mailaz igotzea lortu zuen, eta estatuko jubenilen maila gorenean dago orain, ohorezko mailan. Talde oso indartsuen aurka jokatzea tokatuko zaie, tartean herrialde bakoitzeko klub nagusien jubenil taldeen aurka. Hain justu, Realaren aurka jokatu zuten asteburuan, eta 0-1 galdu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!