Suertatu daitezkeen aukerak, euskaratik eta euskaraz zabaltzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ira. 8a, 17:59

Jada zabalik da 2021-2022 ikasturterako matrikulazio kanpaina Tolosako Aitzol Udal Euskaltegian; euskara ikasi nahi duen orok eman dezake izena, irailaren 22a baino lehen

Guztia prest dute Tolosako Aitzol Udal Euskaltegian 2021-2022 ikasturteari hasiera emateko; azken ikasturteko emaitzak "oso onak" izan zirela nabarmendu dute, eta jada zabalik da aurtengorako matrikulazio kanpaina. Iazko irailean ziurgabetasunak eta zalantzak ziren nagusi zuzendari eta irakasleen artean. Aurten, ordea, egoerak eskatzen duen modura egokitu dira, segurtasun neurri guztiak hartuta, euskaltegia espazio segurua izan dadin bermatzeko. Gainera, "ilusioz eta gogoz gainezka" daude ikasle berriak hartzeko; hauek, irailaren 22ra arteko epea dute matrikula egiteko.

Aurreko urteetan bezala, ordutegi zabala izango du euskaltegiak, tolosar guztientzat egongo da zabalik eta maila ezberdinetako herritarrei bideratuta egongo da. Ikasturte berrirako, gainera, ohiko zerbitzuak mantendu dituzte: aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza edota titulu ofizial guztiak prestatzeko aukera. Horrez gain, etorkinentzako ikastaro bereziak eta eskola-umeen gurasoei zuzendutako talde bereziak ere antolatuko dituzte aurten.

Olatz Peon Tolosako alkateak nabarmendu duenez, euskararen normalizazioan eta sustapenean pausoak ematen jarraitzeko "ezinbestekoa da hizkuntza politika partekatua bultzatzea eta elkarlanetik jardutea, indarrak batuta, euskararen alde". Alkateak gogoratu du helburu horren baitan sortu dela aurten Euskararen Aholku Kontseilua Tolosan. "Epe motz, ertain eta luzera begirako hizkuntza politika estrategiak aztertzeko eta zehazteko, hizkuntza beharrei modu egokiagoan erantzuteko eta ohituretan eta erabileran eragiteko tresna izango da".

Herritarrak euskalduntzeko euskaltegiek egiten duten lana "ezinbestekoa" dela aitortu du alkateak, eta Aitzol Udal Euskaltegiak aurtengorako prestatu duen eskaintza "zabala" dela azpimarratu du. "Horregatik, herritarrak euskaltegian izena ematera animatzen ditut, euskara ikasteko eta hobetzeko aukera galdu ez dezaten". Gainera, urtero bezala, diru-laguntzak emango dizkie udalak bertan erroldatutako ikasleei: B2 maila bitartekoei %75eko diru-laguntza, C1 mailakoei %50ekoa, eta C2 mailakoei %25ekoa. Laguntza horiek jasotzeko, baina, aintzat hartzen dituzte %85eko asistentzia eta ikastaroen aprobetxamendua. 

Hizkuntza bat, mila aukera

Ikasleak erakartzeko kanpainak hala eskatzen duelako, urtero moduan, lelo berria aukeratu dute udal euskaltegiek: Euskaraz zabaldu aukerak!. "Modu eraikitzaile batean, euskarak aukerak zabaltzen dituela adierazi nahi dugu. Zergatik zabaldu euskara? Zergatik hedatu, gehitu, ireki, hobetu? Etorkizunaz hitz egiten duelako. Hizkuntza izateaz aparte, kultura bat ezagutzeko modua ere badelako. Horrez gain, beste hainbat aukera eskaintzen dizkigu: sentimentalak, pertsonalak, lan aukerak...  Hori guztia mahai gainean jartzeko erabiliko dugu aurtengo leloa", azaldu du Maixabel Zubillaga Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendariak.

Tolosarrei ez ezik, eskualdeko herritar orori zuzendutako eskaintza du Aitzol Udal Euskaltegiak, eta euskara ikasi nahi duen 16 urtetik gorako edonork eman dezake izena bertan: atzerritik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, erretirodun berriek, merkataritzako langileek, osasun sailekoek, epaitegikoek, Peñascal fundazioko ikasleek, guraso taldeek... Matrikulatzen diren ikasleen profilak aztertu ondoren, eskolak herriko gune ezberdinetan jasotzeko aukera egongo dela gogorarazi du Zubillagak, hala nola, Amarotz auzoan, Peñascal fundazioan edota ikastetxeetan.

Euskara hizkuntza gisa ikasteaz gain, agiri ofiziala nahi duten herritarrek ere eman dezakete izena, A1 mailatik C2 mailara bitarte. Ordutegiei dagokienez, 10, 8, 6 eta 5 orduko aurrez aurreko moduluak eskainiko dituzte, goizetik iluntzera, eta autoikaskuntzarako aukera ere egongo da, eskoletara joan ezin dutenentzat edota ordutegi malguagoa behar dutenei zuzenduta.

Erabilera bultzatzeko, mintzalaguna, mintzodromoak, antzerki saioak, bisita gidatuak, hitzaldiak eta beste hainbat ekintza antolatuko dituzte aurten ere. "Eskolak emateaz gain, euskara normalizatzen laguntzen ere lan egiten dugu, eta euskaltegitik kanpo ere,  euskaraz bizitzera animatzen ditugu ikasleak".

Irailaren 22an amaituko da matrikula egiteko epea. Ikasleek, aurrez aurre eman behar dute izena, euskaltegian bertan, Rondilla kaleko 34 zenbakiko eraikineko (Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskola) azken solairuan. Horretarako, egunero izango dute aukera, goizez (9:30-13:00) nahiz arratsaldez (16:30-20:00). "Oso garrantzitsua da izena epe barruan ematea, bestela, arazoak izan ditzakegu taldeak osatu eta ikasturtea martxan jartzeko", nabarmendu du zuzendariak. Euskaltegira matrikulatzera joan aurretik, ezinbestekoa izango da aurrez hitzordua hartzea, 943 651 006 telefonora deituz edo aitzolue@tolosa.eus helbidera mezu bat bidaliz. Informazio gehiago nahi izanez gero ere bi bide horiek erabili daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!