OLERKIA

Beti gelditzen dira galderak tintontzian

Erabiltzailearen aurpegia Karlos Linazasoro 2021eko irailaren 10a

Beti gelditzen dira galderak tintontzian:

galderarik sakonenak,

erantzunik sakonenak,

jaurtitzen ez diren harriak,

jaiotzen ez diren pertsonak,

edo ezpainetan lorerik gabe gelditzen direnak, 

hitz egiten ikasten ez duten hezurrak,

isiltzera iristen ez diren isiltasunak,

poemarik edo konstelaziorik gabeko bizitzak.

Beti dago zerbait erdibidean gelditzen dena,

ahanzten den bitartean gogoratu beharreko zerbait,

eskura iritsi ez ziren keinuak,

loratu ez zen bataio-musua,

amildegian behera galdu zen egia hura.

Ez iezaiozu erremediorik jarri nahi galdutakoari:

inoiz esango ez duzun horretan datzate

bizitzaren gauza ederren guztiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!