Zabalik da Tolosako kultur etxeko ikastaroetan izena emateko epea

Ataria 2021eko irailaren 8a

2021-2022 ikasturtean, 11 ikastaro berri eskainiko ditu Tolosako Udaleko Kultura, Festak eta Gazteria Sailak; zortzi, kultura arlokoak, eta hiru, gazteei zuzendutakoak.

Besteak beste, antzerkia, argazkigintza, balleta, dantza garaikidea, ehoziri lana eta patchwork-a, pintura edo marrazketa eta zeramika egiteko aukera izango dute helduek. Haurrek, berriz, balleta eta eskulanak egin ahal izango dituzte. Ordutegi eskaintza zabala dago, ikasle bakoitzaren egoerara moldatu ahal izateko.

Gazteria sailetik antolatutako ikastaroek urritik abendura bitarteko iraupena izango dute, eta 16 eta 35 urte bitarteko herritarrei daude zuzenduta. Miniatura, argazkien edizioa smartphonean eta joskintza (patroigintza eta moda diseinua) landuko dute aurtengo tailerretan.

Orain arteko ikasleek irailaren 13tik 17ra dute matrikula egiteko epea, eta ikasle berriek irailaren 20tik 24ra. Kultur ikastaroetan parte hartu nahi dutenek, Tolosa.eus-en egin beharko dute izen ematea, iaz bezala. Online egiteko baliabiderik ezean, kultur etxeko bulegoan laguntza eskatu dezakete. Hobariak daude familia ugariko edo guraso bakarreko eskualdeko ikasleentzat; bizikidetza unitatearen baldintzen araberako prezio jaitsiera ere aplikatu daiteke. Zalantzarik izanez gero, kultura@tolosa.eus helbidera idatzi behar da.

Gazte ikastaroetan parte hartu nahi dutenek irailaren 13tik aurrera eman dezakete izena udalaren webgunean dagoen matrikula orria gazteria@tolosa.eus helbidera emailez bidaliz. Kreditu txartelaren bidez egin beharko da ordainketa, plaza konfirmatu ondoren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!