Mundua aldatzeko tresnak, herritarren eskura

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ira. 8a, 07:59

Tolosako Berdintasun Sailak Jabetze Eskolaren udazkenerako egitaraua argitaratu du; jada izena eman daiteke abendura bitarteko 15 jardueretarako.

Ikasturte berria hastearekin batera, bueltan da Tolosako Jabetze Eskola, gizarte justu eta askotarikoagoa lortzeko helburuarekin, emakumeen jabetzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzeko gunea. Tolosako Berdintasun Sailak antolatuta, askotariko egitaraua prestatu dute udazkenerako, era guztietako 15 jarduerekin: ikastaroak, tailerrak, emanaldiak, hitzaldiak... Irailaren 28an hasiko da lehen tailerra; azken saioa, berriz, abenduaren 15ean izango da.

Jarduera horietan, arlo, dinamika, gogoeta, tresna, erritmo eta erronka ezberdinak landu eta partekatuko dituzte, berdintasunaren ikuspegitik: argazkigintza, autoestimua, emakumeen arteko aliantzak, ikuskizun eta tailer musikalak, liburu eta ipuin irakurketak, adinkeriaren inguruan hausnartzeko saioak, autodefentsa feministari buruzko ikastaroak, emakume migratzaileen esperientziak edota emozioen kudeaketa eta maitasun osasuntsuaren inguruko lanketak. Guztiak ere, aurrez aurrekoak izango dira, betiere, beharrezko edukierak eta osasun eta segurtasun neurriak bermatuz. Egungo egoera aldatuz gero, saio batzuk online egiteko aukera legoke.

Adinari, bizimoduari edota sorterriari erreparatu gabe, bizitza pertsonalean eta kolektiboan emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten jarraitu nahi du Berdintasun Sailak. Hori dela eta, aurten ere, martxan jarriko dute Guretzako gunea, jatorri ezberdinetako emakumeentzako aisialdi, laguntza eta elkartasun espazioa, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin elkarlanean garatzen dena. Espazio honen barruan, bost jarduera antolatu dituzte.

Izen ematea, 'online'

Bai arestian aipatutako jardueretan, baita Guretzako gunearen barruan antolatu direnetan parte hartzeko ere, zabalik dago epea. Online eman behar da izena, Tolosakoudala.org/berdintasuna webgunean. Dena den, saioei buruzko zalantzak argitzeko edo informazio gehiagorako, 943 670 383 telefonora deitu edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera mezu bat idatzi daiteke.

Izena eman ondoren, kultur etxean ordaindu ahal izango da matrikula, kreditu-txartelaren bidez, ondorengo ordutegian: aste honetan, soilik goizez (10:00-13:00), eta irailaren 13tik aurrera, goizez (10:00-13:00) edo arratsaldez (16:00-19:00).

 

TOLOSAKO JABETZE ESKOLA: 2021EKO UDAZKENA

Ikastaroak

Argazkilaritza tailerra. Irailaren 28an, urriaren 5ean, 19an eta 26an, eta azaroaren 2an, 9an, 16an eta 30ean (18:00-20:00), kultur etxean, Ura Iturralde argazkilariak gidatuta. Hizkuntza: euskara. Prezioa: 10 euro.

Autoestimua eta ahalduntzea lantzeko tailerra. Irailaren 29an, urriaren 6an, 13an, 20an eta 27an, eta azaroaren 3an, 10ean eta 17an (15:30-17:30), kultur etxean, Pepa Bojok gidatuta. Hizkuntza: gaztelania. Prezioa: 10 euro.

Batukada feminista. Urriaren 5ean eta 19an, azaroaren 2an, 16an eta 30ean, eta abenduaren 14an (18:30-20:30), Laskorain Ikastolan, Ainara Sarasketak gidatuta. Hizkuntza: euskara. Prezioa: 10 euro.

Xilografia tailerra. Urriaren 5ean, 19an eta 26an, eta azaroaren 2an, 9an eta 16an (18:00-20:00), kultur etxean, Oihana Ugartek gidatuta. Hizkuntza: euskara. Prezioa: 10 euro.

Adinkeriak ez diezagula ametsik ezabatu! hausnarketarako espazioa. Urriaren 21ean eta 28an, azaroaren 4an eta 11n (15:30-17:30), kultur etxean, Kontxi Lopezek gidatuta. Hizkuntza: gaztelania. Prezioa: 5 euro.

Autodefentsa feminista jaietan eta gure bizitzetan. Urriaren 22an (16:00-20:00) eta 23an (10:00-14:00), kultur etxean, Maitena Monroyk gidatuta. Hizkuntza: gaztelania. Prezioa: 5 euro.

Emakume margolariak itzalean: Piztu ditzagun argiak! Azaroaren 8an, 15ean, 22an eta 29an (15:30-17:30), kultur etxean, Leire Markinezek gidatuta. Hizkuntza: euskara. Prezioa: 5 euro.

Literatura

Munduko emakumeen literatura taldea (Tolosako Udal Liburutegiarekin elkarlanean). Urriaren 6an, azaroaren 17an eta abenduaren 15ean (18:00-20:00), kultur etxean, Mertxe Tranchek gidatuta. Hizkuntza: gaztelania. Prezioa: 5 euro.

Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea (Udal Liburutegiarekin elkarlanean). Urriaren 14an, azaroaren 11n eta abenduaren 2an (18:00-20:00), Udal Liburutegian, Kattalin Minerrek gidatuta. Hizkuntza: euskara. Prezioa: 5 euro.

Palabras dislocadas errezitaldi musikatua. Azaroaren 18an (18:00-20:00), kultur etxean, Susanna Minguellen eskutik. Hizkuntza: gaztelania. Prezioa: 10 euro.

Guretzako gunea

Babesleak ipuin ilustratuaren aurkezpena. Urriaren 1ean (18:00-19:30), kultur etxean, Lolita Chavez eta Lorea Undagoitiaren eskutik. Hizkuntza: euskara eta gaztelania. Prezioa: doan (aurrez izena eman behar da).

Rap tailerra, jabekuntza feminista lantzeko. Urriaren 26an, eta azaroaren 2an, 9an, 16an eta 30ean (18:00-20:00), Bonberenea gaztetxean, Nerea Loron La Furiak gidatuta. Hizkuntza: gaztelania. Prezioa: doan (aurrez eman behar da izena).

Xaboi naturalak egiten ikasteko tailerra. Urriaren 30ean (16:00-19:30), Ereite elkartearen lokalean (San Esteban, 20), Bidatz Sasiainek gidatuta. Hizkuntza: euskara eta gaztelania. Prezioa: doan (aurrez eman behar da izena).

Migratzen dugunean atzean uzten duguna, esperientziak partekatzeko tailerra. Azaroaren 13an (17:00-19:00), kultur etxean, Norma Vazquezek gidatuta. Hizkuntza: gaztelania. Prezioa: doan (aurrez eman behar da izena eta emakume migratzaileek izango dute lehentasuna).

Erromantikoa politikoa ere bada: Maitasunagatik jada sufritzen ez duten emakumeak, norbere burua zaintzen ikasteko tailerra. Abenduaren 4an (17:00-20:00), kultur etxean, Coral Herrerak gidatuta. Hizkuntza: gaztelania. Prezioa: doan (aurrez eman behar da izena).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!