Martxan da hondartzako boleibolaren festa

Josu Artutxa Dorronsoro 2021eko irailaren 2a

Asteartean hasi zen XI. Hondartzako Boleibol Txapelketa, Larramendi auzoan; 26 talde ari dira parte hartzen eta larunbatean jokatuko da finala.

Asteartean eman zioten hasiera XI. Hondartzako Boleibol Txapelketari, Tolosan, herriko ostalaritza establezimenduen artean jokatzen dena. Iaz ezin izan zuten antolatu, eta aurten, neurri bereziekin pandemia dela eta heldu da. Gainera, eta terrazetako jende pilaketak ekidin asmoz, lekuz aldatu dute: Larramendi auzoan jarri dute kantxa, lehen aldiz.

24 taberna eta jatetxeetako 26 talde ari dira parte hartzen. Hiru multzotan banatu dituzte, eta bihar gauera arte multzokako faseko partidak jokatuko dituzte. Lau egunetan 7 edo 8 partida jokatuko ditu talde bakoitzak, bizpahiru egunero. 16:30ak aldera hasten dira partidak, eta 23:00ak aldera arte luzatzen dira.

Bigarren faseko kanporaketak eta talde onenen arteko partidak, berriz, larunbatean jokatuko dituzte. Multzokako faseko sei talde onenak zuzenean sailkatuko dira final-zortzirenetara. Gainerako 20 taldeek kanporaketa aurrekoa jokatuko dute 10:00etan izango da lehen partida, eta hamar talde irabazleek final-zortzirenetako txartela lortuko dute. Fase hori 12:30ean hasiko da, eta segidan, final-laurdenen txanda izango da. Lehen finalerdia 16:30ean izango da, eta finala, 18:30ean. Aurrez, 18:00ak aldera, hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituen partida jokatuko da.

Txapelketako antolatzaileek ezarritako arau baten arabera, nahitaezkoa da taldeak mistoak izatea; horrez gain, une oro emakumezko jokalari batek egon behar du partida jokatzen. Hori dela eta, astearteko partida batean, Cafe Iruña taldea emakumezko jokalaririk gabe aurkeztu zen, eta ondorioz, galdutzat eman zitzaion Mujika kafetegiaren aurkako partida: 21 eta 0.

Gainerakoan, giro ona izan da nagusi lehen bi egunetan; atzo, eguraldiak baldintzatuta. Bihar eta etzi, ordea, txapelketaren une garrantzitsuenak gerturatu ahala, herritar gehiagoren presentzia espero dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!