Paper usain hau

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2021ko ira. 3a, 20:58

Maite dut kurtso hasiera. Proiektu zaharrak eta asmo berriak gurutzatzen direneko linbo hori, oporren eta errutina itogarriaren artean. Narrasti sentitzea egun batzuz, ohiko lekuan, bai, baina azalberrituta. Betiko beldurrak eta sekula beteko ez zaizkigun ametsak. Eta, nola ez: boligrafo eta koaderno berriak. Paper usaina.

Atrebentzia ez bada, zerbait eskatu nahi nioke lerrootan behera doan balizko irakurle horri: har dezala ale hauxe, eta gertura dezala aurpegira; gal ditzala bizpahiru segundo, usaimena jarriz gramaje baxuko paperetan eta tintatan. Plazer txiki erromantizatuegia, akaso, testua pantailaz bestalde irakurtzen ari den horrentzat; ziur, hala ere, usain horretara iritsi dela irudimenez.

Zentzumenen bidegurutze bat, horixe baita Ataria; horixe izan baita niretzat, azken hamaika urteotan. Gogoan ditut urduritasuna eta poza, 2010eko udan, Araba etorbideko erredakzioan estreinakoz sartu nintzenean. Nola zabaldu zizkidaten biak: atea eta gustukoen nuena egiteko aukera. Idatzi. Tarteka, hasieran, eta eguneroko lanean, gero. Tokatzen zenaz, sortzen zenaz edo bilatzen genuenaz. Eskatzen zigutenaz. Urteroko horri buruz, urtero. Haserretzen ninduten aferez, zergatik uka; baina baita pasioz bizi ditudan zenbait kontuz ere.

Etxe hau eskola bat izan da, bide bat, orain nire bizitzako ardatz nahi ditudan zenbait praktikatara iristeko. Termometro bat, autoexijentzia kontrolatzen saiatzeko. Miresten ditudan pertsonak aurrez aurre ezagutzeko tokia, edo pertsona berriak miresten hastekoa. Halabeharrak emandako terapia bat, hitzorduen zain bakarrik egoten ikasteko; edo onartzeko, beti izango naizela lotsati, nahiz eta kamera batekin aurrera eta atzera ibili. Modu bat, beti bezperan bizitzeko.

Atrebentzia ez bada, zerbait eskatu nahi nioke lerrootan behera doan balizko irakurle horri: har dezala ale hauxe, eta gertura dezala aurpegira; [...] usaimena jarriz gramaje baxuko paperetan eta tintatan


Orain, lan erreproduktiboari lan produktiboaren tempoa gehitzera noala, Atariak leiho berri bat eskaini dit, denboralditxo batez. Bai, malenkoniatsu datorkit kurtso hasiera hau, proiektu zaharren eskua erabat askatu gabe, baina asmo berriei ekitear. Horregatik, beharbada, ale hau usaintzeko gonbitaren kontu hori guztia: aprobetxatu nahi dudalako leiho berri honek ematen didan aukera, balizko irakurleei kontuak eskatzeko. Tokiko komunikabide bat badelako zerbait klixeez harago, txikia eta gertukoa izateaz harago. Badelako buruhauste bukle batek egunero gorpuzten duen ametsa eta tresna; lana eta jendea, eta jende horren bizitzak. Irakurtzekoa, imajinatzekoa, zuzentzekoa eta txalotzekoa, gozatzekoa eta erabiltzekoa da, tinta eta paper usain hau.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!