Elkarlanean jarraituko dute, hizkuntza politiken sustapenearen alde

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 2a, 09:59
Xabier Balerdi Tolosako euskara zinegotzia eta Kike Amonarriz Galtzaundi Euskara Elkarteko lehendakaria, hitzarmena sinatzen.

Euskararen erabilera sustatzearen alde lanean eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko asmoz, hitzarmena berritu dute Tolosako Udalak eta Galtzaundi Euskara Elkarteak.

Tolosako Udalak eta Galtzaundi Euskara Elkarteak, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzen jarraitzea helburu duen elkarlanerako hitzarmena berritu dute. "Galtzaundiren lana Euskara Sailak egiten duen lanaren osagarri da, hizkuntzaren normalizaziorako eta sustapenerako ezinbestekoa; horregatik, Galtzaundirekin zein gainerako eragileekin elkarlanean aritzea funtsezkoa da hizkuntza politika partekatuak sustatzeko, helburu amankomunak finkatu eta eragin handiagoko urratsak emateko”, adierazi du Xabier Balerdi Tolosako Udaleko euskara zinegotziak. 

Gauzak horrela, udalak diruz lagunduko ditu Galtzaundik urtero sustatu ohi dituen egitasmoak, baita berriak ere: euskararen erabilerari buruzko behaketa eta azterketa lanak, Mintzalaguna egitasmoa, merkataritza eta ostalaritzako euskara programa, hizkuntza ohituretan eta erabileran eragiteko kirolerako eta aisialdirako euskara programa, Euskararen historia soziala Tolosaldean ikerketa, Euskaraldiaren dinamizazioa, Euskararen Nazioarteko Eguna, Korrika, Errigora edota Ikaskoli ekimenen sustapena eta Hezkuntza Sektore Mahaiaren dinamizazioa, besteak beste.

Hitzarmenak urtebeteko epealdia izango du eta akordio honen baitan ere, Galtzaundik, Tolosako Euskararen Aholku Kontseiluan aktiboki parte hartuko du. Kontseilu hau hizkuntza politika partekatua sustatzeko berriki sortu den organoa da, eta udalari lagunduko dio euskararen inguruko plan estrategikoak diseinatzen eta garatzen.

Udalak duen euskara planari jarraipena ematearekin batera, udalak eragileekin osatua duen euskara sustatzeko ekintza planaren jarraipena ere egingo da. “Erakundeek eta gizarte eragileek indarrak batuta lan egin behar dute hizkuntza normalizazioaren alorrean hizkuntza politikako beharrei modu egokiagoan erantzuteko eta, beraz, ezinbestekoa da Galtzaundi elkartearekin lankidetzan orain arte egindako lanari jarraipena ematea, euskararen alde”, azpimarratu du Balerdik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!