RiverLine 2021 jaialdia, orain arteko arrakastatsuena

Josu Artutxa Dorronsoro 2021eko irailaren 2a

Argazkia: Leyre Carrasco

80 lagun inguru elkartu ditu Oreka slackline taldeak Oria ibaian antolatu duten waterline modalitateko jaialdiak; hurrengo urtean edizio berri bat antolatzeko asmoa dute.

Tolosako Oreka slackline taldeak antolatuta, RiverLine 2021 jaialdia ospatu da asteburuan, Zerkausia eta Nafar zubiaren arteko eremuan, Oria ibaiaren gainean. Guztira, 80 bat lagun elkartu ziren, inoiz baino gehiago, eta horietatik herena, emakumeak (azken edizioan %25a izan ziren). «50 lagun espero genituen, 70ek izena eman zutenerako itxi behar izan genuen epea, eta azkenean, izena eman gabeko batzuk ere gerturatu ziren», adierazi dute antolatzaileek.

Oraindik ez dute balorazio orokorra egin, baina oro har, «oso gustura eta pozik» daude jaialdiak izan duen erantzunarekin eta partaideek soken gainean erakutsitako mailarekin. Andaluziatik, Kataluniatik, Madrildik, Valentziatik, Frantziatik nahiz Belgikatik bertaratu dira soka gaineko funanbulista eta akrobatak. Inguruan bizi diren hego-amerikar batzuk ere gerturatu dira.

Waterline modalitatearen barruan, estatu osoan ibai gainean egiten den jaialdi bakarra da Tolosakoa; beraz, nazioartean badu sona, eta urtetik urtera, handiagoa. «Berezia da, xarma handikoa, herri erdian izaten delako. Beste inon ez duzu horrelakorik aurkituko». Aurten, gainera, hasiberri ugari gerturatu da Zerkausira. «Beldur apur batekin etorri dira, ur gainean inoiz ibili gabeak zirelako. Hemen, baina, askotarikoa da aukera. Bide laburrak nahiz luzeak egin daitezke, soka mehe edota zabalagoen gainean, eta guzti hori toki idiliko batean».

Tartean, musika emanaldiak nahiz lehiaketa ezberdinak ere izan dira. Aurten, esaterako, zirku ikastaro bat eta antzerki obra bat eskaintzeko asmoa zuten, baina azkenean ezinezkoa izan da. «Ez dugu diziplina bakarreko jaialdia izatea nahi. Waterline-a probatu nahi ez duten herritarrei bestelako ekitaldiez gozatzeko aukera eman nahi diegu».

Ostiralean hasi eta igandean amaitu zen jaialdia; orain arte asteburuan soilik ospatzen zen. Abuztuko asteburu batean izanik, espero zuten bezala, aurreko urteetan baino ikusle gutxiago izan dute ibaiaren inguruan. «Irailean eginez gero, herritar gehiago gerturatuko liratekeenaren susmoa dugu». Horrek, ordea, atzerritik datozenen aukerak mugatzea ekar dezakeela gaineratu dute.

Kontuak kontu, ziur daude datorren urtean jaialdiaren edizio berri bat antolatuko dutela. «Feedback positiboa jaso dugu partaideen aldetik, eta motibazio handia dugu. Askok bidaia luzeak egiten dituzte, gero hemen bi egun besterik ez igarotzeko. Beraz, maila handiko jaialdia antolatzea egokitzen zaigu, pixkanaka hobetzen joango dena».

Amaitzeko, jaialdia esperientziak partekatzeko aukera ederra dela nabarmendu dute. «Munduko leku ezberdinetatik bisitatzeak hori dakar. Komunitatea gehiago estutzen da, eta lagun berriak egiteko aukera ere handiagoa da». Halaber, ikastaro modura ere funtzionatzen duela adierazi dute: «teknika mota bat dakienak ez dakienari irakasten dio, eta alderantziz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!