ERREPORTAJEA

Ikusten ez dugunaz jabetzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ira. 4a, 07:57

Antzerkiak batzen ditu Marta Garcia, Nieves Peña eta Sonia Sanz. 2017an sortu zuten Evaren alabak taldea, helburu argi batekin: ondorengo belaunaldientzat mundu hobe eta gizarte parekideagoa lortzea. Gaur egun, bi obra eskaintzen dituzte: Evaren alabak eta Cromlech.

Azaroaren 25ean lau urte beteko dira, Elena Aranbarri Tolosako Tic-Tac antzerki tailerreko irakasleak, ikastaroko hiru ikaslerekin batera proiektu berri bat abiatu zuela. Tolosako Udalak Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunerako emanaldi bat prestatzeko eskaria egin zion Aranbarriri; honek, proposamena onartu eta Evaren alabak izeneko obra sortu eta idatzi zuen.

Marta Garcia: «Nekez itzuliko zara etxera irribarre batekin, behin eta berriro egoera horien inguruan hausnartzea eragiten zaituen obra baita Evaren alabak»

Marta Garciak, Nieves Peñak, Sonia Sanzek eta Geronimo Otegik interpretatu zituzten antzezlaneko pertsonaiak. «Hiru emanaldi egin genituen jarraian, eta harrera oso ona izan zuten», gogoratu du Garciak. Gerora, antzerki obraren izen bera daraman taldea osatu zuten emakumezko hiru aktoreek, Aranbarriren laguntzarekin. «Proiektua mantentzea erabaki genuen, aurrera begira gehiago zabaldu ahal izateko, eta nahigabe, talde txikia sortu genuen. Egun baterako lan bat izango zelakoan geunden, baina motibazio handia genuen, eta gogotsu geunden», gaineratu du aktoreak.

Animo horiek eraginda, eta jarraipena emateko, beste obra bat sortu zuen Aranbarrik, hiru aktoreekin batera gauzatzekoa: Cromlech. «Aktoreok botatako ideietatik abiatuta idatzi zuen, bera baita gure inguruan gertatzen diren edo guk geuk bizitzen ditugun pasarteak eszenara eramateko gaitasun handiena duena», esan du Garciak.

Samurtasun urriko bi kontakizun

Elkarrengandik oso ezberdinak diren hiru emakumeren esperientzietatik abiatutako bakarrizketek osatzen dute Evaren alabak antzezlana; hiru esketxetan banatzen da antzezlana. Hirurak ere espazio jakin batean kokatzen dira: batetik, emakume gazte bat, ordura arte bizitakoaz hitz egiten duena; bestetik, emakume heldu bat, bere senarra zenaren hiletan dagoena; eta azkenik, beilatokian dagoen emakumea, tratu txarrak jasan ondoren hil zela kontatzen duena. «Askotan ikusten eta sentitzen ditugun baina esatera ausartzen ez garen errealitateak eramaten ditugu agertokira. Bizitza bera bezain erreala da».

Marta Garcia: «Ikusleek cromlecharen parte direla ulertu behar dute; publikoan egoten jakin, hau da, haiei begira hitz egiten dugula, baina ez haiekin»

Horrela, ikusleak bere burua pertsonaietako batean edo gehiagotan koka dezakeela adierazi du Garciak: «Identifikatuta sentitu daitezen bilatzen dugu; haiengana gerturatzen gara, eta horrek tentsioan egotea edo bakarrizketen parte izatea eragiten die». Aldi berean, antzerki obra «oso gordina» dela nabarmendu du. «Nekez itzuliko zara etxera irribarre batekin, behin eta berriro egoera horien inguruan hausnartzea eragiten zaituen antzezlana baita».

Edukiari dagokionez arinagoa bada ere, exekuzio aldetik intentsitate handiagoko antzezlana da Cromlech. «Ez dute zerikusirik». 45 minutuko iraupena du, eta aktoreak hasieratik amaierara bitarte daude eszenan. Publikoak, harrespil edo cromlech bat (zirkulu bat) irudikatzen du aulkietan eserita, eta aktoreek horren erdian antzezten dute. «Ama bat eta bi alaba gara. Amaren senarra hil ondoren, bere hiletan gaude, errautsak botatzen. Hor hasten da istorioa, ordura arte kontatu gabeko sekretuez eta azaldu gabeko sentimenduez betetakoa. Hileta horren ondoren, ezer ez da berdina izango». Tranparik gabeko obra dela aitortu du. «Ezin dugu ezer ezkutatu, espazioa itxiagoa delako eta publikoa oso gertu dagoelako. Eszenaren parte dira ikusleak, cromlecha bera irudikatzen baitute. Gure helburua, beraz, ikusezina ikusaraztea da».

Beharrezko klimaxaren bila

2017an izan zen Evaren alabak obraren estreinaldia, Tolosan. Gerora, eskualdeko nahiz inguruko hainbat herritan eskaini zuten, eta azaroan, Astigarragan interpretatuko dute. «Kalean egiteko modukoa da, ikusle kopuru txiki baten aurrean, eta ahal bada, iluntzen duenean, behar duen atmosfera berezi hori lortzeko», esan du Garciak. Gainera, ikusleak hamasei urtetik gorakoak izan daitezen eskatzen dute aktoreek. «Mezua gordina eta zenbaitetan ume eta gaztetxoentzako ulergaitza izateaz gain, une batzuetan, erreferentzia egiten diegu genitalei. Gerta liteke saioren batean haur batek barre egitea, eta ondorioz, obrak behar duen atmosfera hori apurtzea», adierazi du aktoreak.

Bestalde, duela urtebete eskaini zuten lehen aldiz Cromlech, Tolosako Aranburu Jauregian, eta pandemiak baldintzatuta izan bada ere, lehen obraren kasuan bezala, lurraldeko herri askotan interpretatu dute; hilabete honetan, esaterako, Orexan eskainiko dute. «Nahitaez, espazio txikian egin behar da, behin zirkulua osatuta, gure ahotsa behar bezala entzutea ezinbestekoa delako». Aipatutakoez gain, oraindik ere azken urte eta erdian itxi gabe, eta beraz, eskaini gabe geratu diren emanaldi ugari dituztela baieztatu du Garciak. Kasu honetan ere, langa ezarria dute adinean, eta 12 urtetik gorakoak gonbidatzen dituzte antzezlanaz gozatzera. «Ikusleek cromlecharen parte direla ulertu behar dute; publikoan egoten jakin, hau da, haiei begira hitz egiten dugula, baina ez haiekin».

Ukabilkada baten pare

Belaunaldi ezberdinetako aktoreak dira Garcia, Peña eta Sanz, testuinguru ezberdinetan hazi eta hezitakoak. Horrek, taldea «asko aberasten duela» esan du gazteenak. Ez dute ibilbide luzea osatu oraindik, baina inoiz baino gogotsuago aurkitzen direla aitortu du Garciak: «Artifiziorik gabeko taldea osatzen dugu. Oso ezberdinak garen arren, amankomunean ideia ugari ditugula jabetu gara, eta gure arteko giroa oso ona da».

Aberastasun horrek ere publikotik jasotako feedback ezberdinak ulertzen lagundu die. «Denetik esan izan digute, batez ere, lehen obrarengatik: ez zela espero zutena, ondo pasatzeko asmoz joan eta etxera ase ezinik itzultzen direla, sabelean ukabilkada bat jasotzea bezalakoa izan dela... Horrelakoetan publikoak hausnartzen duela ohartzen gara, baina aldi berean arantza bat geratzen zaigu, ez baitakigu guk kontatutakoarekin enpatia sentitzen duen edo ez. Guk, ordea, argi dugu zein den gure helburua, eta horretan jarraituko dugu».

«Antzerki mota guztiak behar ditugu», esan zuen behin Anatoli Vassilievek. Antzerkigintza garaikideak Europan duen zuzendari entzutetsuenetako bat da errusiarra, eta ziurrenik, gustura ikusiko lituzke Evaren alabak taldearen bi obrak. Izan ere, antzerkiaren aspektu oro uztartzen dituzte. «Ikusleak pertsonaiekin konektatzea da garrantzitsuena», nabarmendu du Garciak. «Pertsonaia horrek zu bizitza errealean esatera ausartzen ez zaren hori adierazten duenean, konexio berezia sortzen da. Ohikoa den zerbait da, baina ez gara gai eragiten gaituela jabetzeko. Obra bat, beraz, tristea eta umoretsua izan daiteke aldi berean, eta hori da ederrena», aitortu du aktore tolosarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!