Niri aurtengo udan, ezusteko galanta sortu dit Tokioko Olinpiar Jokoetan 2020 urtea behin eta berriz ikusteak. Hasera batean, kartel bateko akatsa ote zen pentsatu dut. Gerora konturatu naiz akatsa nirea zela eta beraz, urtebeteko atzerapenaz nazioarteko lehiaketa bat nola antolatu zitekeen arrazoi bila hasi naiz.
Ikusten denez, lau urtetik behin ospatzen dira olinpiar jokoak eta urtebete beranduago gauzatu arren, bere horretan uzten da ofizialki zegokion urtea. Beste aukera, historian zehar gertatu izan dena, lau urtetan txanda pasa egitea da; honela funtzionatu izan da 1896tik. Kirolari batzuei luzaturiko urte horrek bere prestakuntzari kalte egingo zion eta oso luze joango zitzaien, beste batzuei aldiz, aldeko egokituko zitzaien. Hor ere, norberaren kontuak, subjektibitatea.
Gai hauekin buruan bueltaka, Afganistango gertaeren berri izan dugu. Egun gutxitan, hogei urtetakoak goitik behera erausten ikusi eta pairatzen ari omen dira.
Itsu edo xaloak izan gabe jakin badakigu mundu osoan zehar badela hainbat leku non emakume izate hutsa arrisku egoera den, orain, duela urte batzuk bezala. Hala ere, orokorrean lozorroan bizi dugun gure errutinatik astintzen gaituzten gertaera batzuk ematen dira tarteka, aipaturikoa kasu.
Behin aukera izan nuen segundo batzuk burka batean ezkutatuta egoteko. Klaustrofobikoa izan zen. Ezin mugitu, ezin ikusi. Mugatuta. Ezabatuta. Erabat. Eta berriro ere mugimendura, ikuspegi zabalera bueltatzeko hautua hartu nuen oso luze egin zitzaizkidan segundo gutxi batzuen ostean.
Oilo-ipurdia jartzen zait munduan zehar emakume askok beren gorputz eta izaera, pentsamendua, ametsak eta abar goitik behera estalita eraman behar dituztela pentsatzeak. Denbora guztian, telazko kaiolatik ateratzeko aukerarik gabe. Virginia Woolf-ek zionaren arabera bere gogoaren askatasunari inposatuko zitzaion itxidurarik ez omen zegoen baina hainbat egoeretan, sekulako borondate eta ausardia eskatzen du askatasun hori bizitzeak.
Garapena tolerantzi eta hurkoarekiko errespetuan ulertzen dudan moduan, aspaldiko mundu ilunarekin lotzera jotzen dut aniztasuna debekatzen duen pentsamendu bakarreko gizarte bat.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!