Azken Mugak hainbat kultur jarduera antolatu ditu astebururako

Leyre Carrasco 2021ko abu. 27a, 21:12

2019ko Azken Muga jaialdiaren inaugurazioa

Zarateko pagadian egindako lanen erakusketak inauguratuko du bihar jaialdia, Guillermo Olmo eskultorearen aulki erraldoia jarriz eta Amasa-Villabonako Zunbeltz Antzerki Taldearen emanaldiarekin.

Ainhoa Alberdik proposatutako Butoh izeneko tailerrak emango dio biharko egunari hasiera 10:30etatik hasita 14:30etara. Basoak duen energia guztiarekin durundiatuz eta butoh-aren tresnaren bidez ikertuz, subkontzientean barneratuko dira parte hartzaileak, kataklismoen edertasunean, ekaitzean, ekaitzetan, plazeretan, galderetan, ametsetan, gorputzean ezkutatzen diren korapiloetan, jaiotzean galtzen den dantza horretara hurbiltzeko.

Bihar inauguratuko da jaialdia gainera, eta basoan antolatu den bisita gidatu batek ekingo dio ekimen horri arratsaldeko 17:00etan. Zarateko lepoan eskulturak, performazak, hitzaldiak eta artista batzuek beren obraren berri emango dute. Gutxienez 15 artistak hartuko dute parte Sorkabin, horietatik 8 atzerritarrak dira, eta Mugalari emakumeen kolektiboak ere parte hartuko du.

Euskal Herrian sortutako elkartea den Zinbulu Kolektiboa ere izango da bertan. Elkarlana eta berdintasuna sustatzearekin batera, dantza bertikala ardatz gisa duten proiektuak garatzen ditu. Dantza bertikala jendeari helaraztea da euren helburua eta hori bera egingo dute Azken Muga jaialdian. Dantza bertikala gure inguruko natur-txokoetara zabalduz, Zarateko basoetan kokatzen diren zuhaitz pagoak izango dira euskarri oraingo honetan, dantza bertikala eta natura fusionatuz.

Julia Blasco sopranoak eta Alejandro Martinezen txeloaren melodiek girotuko dute Zarateko basoa bitartean.

Horren ostera, Ane Letamendi eta Alba Fernandezek elkarrekin musika egiteko beste modu batzuk aztertuko dituzte, 19:00etan eskainiko duten soinu-gorputzak tailerrean. Horretarako, gorputz-musikatik eta dantzatik datozen praktikak erabiliko dituzte askatasun-esperientziak itzultzeko eta geure buruarekin, gainerakoekin eta ingurunearekin topo egiteko.

Deabrua da aurtengo edizioaren inaugurazio ekitaldi nagusia, eta Amasa-Villabonako Zunbeltz Antzerki Taldeak infernuaren erraietara eramango gaitu 21:00etan basoan eskainiko duten kale antzerkiarekin, ikuskizun honetaz gozatzeko eszenatokirik onenean.

Igandea, abuztuak 29

Ainhoa Alberdiren Butoh izeneko tailerrak irekiko du igandeko eguna 10:30etatik 13:30etara. Arratsaldean berriz, 18:00etan hasita dantza izango da.

Bien bitartean, Virginia Ameztoyk ehungintzaren munduan sartuko gaitu 18:00etan eskainiko duen tailerrarekin. Hain zuzen, Tailerreko parte-hartzaile bakoitzak inprimaketa bat egingo du serigrafia-pantailekin, koloreak landare-aterakinekin lortuko dituzte, hala nola gualda edo kanpai-makila. Diseinuak Zarateko pagadian aurkitutako elementuetatik abiatuta egingo dira. Serigrafiatzeko telak egongo dira, baina gehiago ekar daitezke etxetik, eta serigrafiatzeko jantziak ekartzea gomendatzen da. Jarduera hau adin guztientzako irekita dago. Plazak mugatuak direnez, bertaratzeko 21@azkenmuga.eus helbidean eman beharko da izena aurretik.

Asteburuari amaiera emateko, 19:00etan Paolo Vavassorinik solasaldia eskainiko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!