Elkarrizketa

"Ez dugu lehiatuko mailaz ez jaisteko, baizik ahal dugun ondoen geratzeko"

Imanol Garcia Landa 2021ko abu. 25a, 15:30

Arantza del Puerto (Donostia, 1971) da Tolosa CF-ko 1. Maila Nazionaleko entrenatzaile berria. Tolosa CF-ko talde nagusi bat entrenatzen duen lehen emakumea da, eta berarentzat "ohore bat" dela dio.

25 urtez Añorgako futbol jokalaria izan zen del Puerto, eta bertan hasi zuen bere entrenatzaile ibilbidea. Futbolari bezala Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako selekzioarekin jokatu zuen, eta Lehen Mailako hiru liga eta Erreginaren Koparen hiru titulu lortu zituen. Añorga entrenatu ondoren, Real Union, Zumaiako eta Martutene taldeko entrenatzailea izan da ere. Zumaiakon eta Martutenen ere mutilak entrenatu ditu. "Askotan alderaketa egiten da, baina berdina da mutilei edo neskei entrenatzea, kontzeptuak berdinak dira", esan du. Txomin San Sebastian hernaniarra da bigarrengo entrenatzailea, del Puertorekin batera Martutenen entrenatzen aritu dena.

Denboraldi-aurreko etxeko lehen partida jokatuko dute gaur, 18:30ean, Alaves klubaren bigarren taldearen aurka, Berazubin. Jendeak estadio barrura joateko aukera izango du partida ikustera.

Zer suposatzen du zuretzat Tolosa CF-ko entrenatzaile izatea?

Anbizioa duen proiektua da, eta ea zer lortzeko gai garen. Erronka ederra da, 1. Maila Nazionala kategoria polita delako. Bere garaian Añorga Lehen Mailan entrenatu ondoren, hau da orain arte entrenatzen ari naizen maila altuena.

Eta lehenengo emakumea izango zara Tolosa CF-ko talde nagusi bat entrenatzen.

Ohore bat da niregan pentsatu izana lehen taldearen entrenatzaile izateko. Saiatuko gara ahal dugun ondoen egiten gauzak, eta ahal dugun posturik altuenean geratzea.

Hain justu, ze asmo duzue denboraldi honetarako? Aurreko bietan maila mantentzea izan zen helburua.

Bi denboraldi oso atipikoetatik gatozela kontuan izan behar dugu. Garbi duguna da ahal dugun altuen geratu nahi dugula sailkapenean, hau da, ez dugu lehiatuko mailaz ez jaisteko, baizik ahal dugun ondoen geratzeko. Gero, betikoa, ikusi beharko dugu denboraldia nola doan, lesioek errespetatzen gaituzten, zortea, eta dena ondo bidean etortzea. Gauzak ondo egitera joango gara, eta horrek gero emaitzak ekartzen ditu.

Iaz bi multzotan banatu zen liga. Aurten nola izango da?

Aurten multzo bakarra izango dugu, eta azkeneko biek galduko dute maila. Aurrekoaren ondoren, oraingoak normaltasun handiagoa izango du, eta denok denon aurka jokatuko dugu. Erregularragoa izango da, eta espero dugu denboraldian zehar aldaketarik ez izatea.

San Ignacio taldearen aurka jokatuko duzue lehen partida, irailaren lehen asteburuan, beraien zelaian. Dena prest duzue ordurako?

Oraindik ez. Horretarako daude jokatuko ditugun lagunarteko partidak, sistemak-eta perfilatzeko. Pixkana joan behar dugu, asko baitugu lantzeko.

Eta nola doa oraingoz denboraldi-aurrea?

Oso ondo doa. Oraingoz partida bakarra jokatu ahal izan dugu, baina jokalariak ondo ari dira lanean, gogoz eta ilusioz, eta horrela bagoaz gero emaitzek lagunduko dute.

Nola jokatuko du taldeak?

Sistema oraindik ez dut guztiz definituta. Lagunartekoak baliatuko ditugu ikusteko zein sistema den ondoen egokitzen dena gurera. Jokoari dagokionez baloia guk izatea nahi dugu, baloia behean izan eta konbinatuz jokatzea.

Aldaketa asko daude taldean?

Adibidez, sei jokalari etorri dira beste talde batzuetatik, Zarautz, Goierri eta Oiartzundik. Pixkanaka jokalari guztiak ezagutzen ari naiz;  giro ona dago eta hori da garrantzitsua.

Gaurko partidarako zein da asmoa?

Emaitza on baten bila joatea baino, batez ere gauzak probatzea da asmoa. Berazubin jokatuko dugu, bertan jokatuko ditugu ligako partidak, eta zelai handiagoa denez, horretara taldea nola egokitzen den ikusteko balioko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!