Zortzi hautaketa eta bi sari jaso ditu 'Ni Naiz Naizena' websailak

Leyre Carrasco 2021ko abu. 20a, 18:00

Izaskun Arandiak zuzendutako dokumentala Indiako Chaplin Independent Film Festival eta Uruvatti International Film Festivaleko irabazle izan da.

Hamar atalez osatutako hamar trans pertsonen esperientziei buruzko websail dokumentala da Ni Naiz Naizena, eta hain zuzen, beste proiektu handiago bati esker sortu dela kontatu du Izaskun Arandia zuzendariak: “Proiektu handi horren garapen prozesuan pertsona zoragarri hauek aurkitu nituen, eta haiekin lau elkarrizketa egitea lortu genuen. Ondoren, Gehitu elkartea proiektuarekin bat egin eta horrek ahalbidetu zigun serie osoa bukatzea eta sei elkarrizketa gehiago egitea”.

Arandiak zuzendu eta Izar Filmsek, Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteen laguntzarekin ekoiztutako Ni Naiz Naizena websailak guztira zortzi hautaketa eta bi sari jaso ditu. Golden Lens International Film Festival, Italiako Rome Independent Prisma Awards, Galiziako Carballo Interplay sail ofizialean lehiatzen, Estatu Batuetako Sacramento Underground Film & Arts Festival, Singaporreko World Film Carnival, eta Indiako Aranmanai International Film Festival, Chaplin Independent Film Festival eta Uruvatti International Film Festival-ean izan da hautatua dokumentala. Indiako azken bi festibaletan gainera, irabazle, webserie onenaren sariarekin.

Helburua dokumentalak jorratzen duen gaiari ahalik eta ikusgarritasun gehien ematea izan dela adierazi du Arandiak, eta hala lortu dute. Horregatik, “pozik” daudela adierazi du. “Sariek ere poza ematen dute, bereziki, proiektuan lana egin duten taldekideengatik eta parte hartu duten pertsona guztiengatik ere”, gehitu du.

Ni Naiz Naizena websail dokumentala ikusgai www.trans.eus 

Non dago Mikel?

Non dago Mikel? dokumentala ere aurrera doa eta Guadalajarako Nazioarteko Zinemaldian hautatua izan da. Hortaz, Guardia Zibilak torturatu zuen Mikel Zabalzaren desagerpena euskal gizartean nola bizi izan zen erakusten duen dokumentala sail ofizialean arituko da lehiatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!