Garaipenetik gertu

Leyre Carrasco 2021ko abu. 18a, 16:00

Zarautzen eskuratu zuten azken garaipena, abuztuaren 14ean.

Azken bi estropadak jokoan, ETE liga bigarrengoz irabazteko hurbil dago Tolosaldea trainerua.

Asteburu gazi-gozoa izan da Tolosaldea traineruarentzat. Larunbatean 12. jardunaldia jokatu zen Zarautzen, eta bertan ETE ligako zortzigarren garaipena izan zuen eskualdeko traineruak. Igandean, ordea, Castro Urdialesen jokatutako estropadan ziabogan lehen postuan izan ondoren, helmugan laugarren amaitu zuten.

"Larunbateko estropada oso ona izan zen, oso ondo markatu baitziren gainerako traineruekiko desberdintasunak, eta oso ondo lehiatu zen. Igandean gauzak oso ondo zihoazen, baina ziabogan eta norabidean arazo bat izan genuen eta hor geratu ginen. Ezin izan genuen atzera egin", adierazi du Patxi Francesek, Tolosaldea traineruko entrenatzaileak.

Hala ere, igandeko estropada ez da oztopo izan eta taldeak lehen postua sendotzen jarraitzen duela esan du entrenatzaileak: "Gainontzeko traineruek zaila dute hemendik aurrera gu irabaztea, baina edozer gauza gerta daiteke".

Azken bi estropadak

ETE ligari amaiera emateko azken bi estropadak besterik ez dira geratzen. Lehena Ane Aizpurua Basterretxearen I. memoriala izango da igandean 16:00etan Bilbon jokatuko dena. Bigarrena eta azkena izango da abuztuaren 28an lehiatuko den XXXIV. Erandioko bandera, 17:45etan Erandion.

"Ez da erlaxatzeko unea, eta azken bi estropada hauetan dena eman eta disfrutatu egingo dugu", esan du Francesek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!