Toloboleiren zuzendaritzak XI. Hondartza Bolei Txapelketa kokalekuz aldatu behar izan du: Larramendi auzoko plazan egingo dute, aukera "egokiena" iruditu zaiolako. Abuztuaren 31n ekingo diote txapelketako lehen egunari eta irailaren 4ra bitartean jokatuko dira partida guztiak. Tolosako Udalaren eta inguruko ostalarien laguntzarekin antolatu dute aurtengo txapelketa ere.
Toloboleik 10 urte baino gehiago daramatza lanean boleibola ezagutarazi eta kirola bultzatzeko helburuarekin. "Adin guztietako jendea biltzen du eta txapelketaren antolaketa, azken batean, Tolosako Ferialekuan urtean zehar egiten ditugun ikastaroen amaiera besterik ez da", esan dute. Horrela, ohiko antolakuntzarekin jarraituz, Tolosaldeko 32 talde mistok osatuko dute aurtengo txapelketa. Zehaztu dutenez, maila askotariko jokalariek hartuko dute parte, non ikuskizuna eta aldarte ona bermatuta egongo den.
Boleibola, kirola eta giro ona faltako ez diren egunetan, Larramendi auzoko plazara gerturatzeko gonbidapena egin dute Toloboleiko kideek.