Peñak eta Rezustak porrotik gabe jarraitzen dute

Ataria 2021eko abuztuaren 10a

Jon Ander Peña tolosarra. Baiko

22-20 irabazi dute Elezkano eta Mariezkurrenaren aurkako partida, eta lehen postuan daude sailkapenean.

Caixabank Master binakako pilota txapelketako laugarren jardunaldia itxi da Peña II-Rezusta eta Elezkano II-Mariezkurrena II partida jokatuta. Tolosarrak eta Rezustak osatzen duten bikoteak irabazi zuen atzoko partida, 22-20ko emaitzarekin, lautik lau garaipen batuz. Ondorioz, sailkapen orokorreko lehen postuan daude, 4 punturekin.

Euren atzetik daude Urrutikoetxea-Martija eta Altuna III-Aranguren 3 punturekin berdinduta. Laugarren postuan Etxeberria-Albisu bikotea dago 2 punturekin. Olaiola II-Zabaleta, Elezkano II-Mariezkurrena II, Ezkurdia-Imaz eta Jaka-Tolosa daude ondoren, guztiak puntu bakarrarekin.

Hurrengo jardunaldiari dagokionez, Olaiola II-Zabaleta eta Elezkano II-Mariezkurrena II bikoteen arteko partida izango da ostiralean Donostian. Urrutikoetxea-Martija eta Ezkurdia-Imaz bikotearen artekoa larunbatean Mallabian. Altuna III-Aranguren eta Peña II-Rezustaren artekoa igandean Azkoitian eta bosgarren jardunaldia ixteko, Jaka-Tolosa eta Laso (Etxeberriaren ordezkoa)-Albisuk jokatuko dute asteartean Zarautzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!