Irene Caminos Europako txapeldun

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 9a, 11:22

Irailean jokatuko den Munduko Txapelketarako entrenamendu ona izan dela adierazi du pozik tolosarrak.

Europako Bike Trial Txapelketa jokatu zen atzo Reinosan (Kantabria), eta Irene Caminos tolosarra izan zen txapelduna. Caminosek Laia Esquisekin berdindu zuen puntutan, baina, lehen postua  tolosarrarentzat izan zen, zero gehiago zituelako. Hirugarren postua Paula Cuestarentzat izan zen.

Gizonezkoetan, Julen Saenz gasteiztarra izan zen txapelduna, eta bere atzetik geratu ziren Marti Vayreday eta Daniel Baron.  

Irailean izango da Munduko Txapelketa, eta Espainiako selekzioak egiten du bertan parte hartuko dutenen hautaketa. Caminosek berak sare sozialetan adierazi duenez, atzoko garaipena "entrenamendu ona izan da Munduko Txapelketarako".  

22 urte ditu tolosarrak. Gazteen Munduko Jokoetan lehiatu zen 2013. urtean, hirugarren postua lortuz. 2017an hirugarren postua lortu zuen Munduko Txapelketan, eta 2018an txapeldun izan zen taldeka, Espainiako selekzioarekin. Guztira bost urtetan parte hartu du txapelketa nagusian, 2015etik hasita, pasa den urtean ez baitzen egin. Europako Txapelketan laugarren postu bat lortu zuen 2018an, brontzezko dominatik puntu batera geratuz. Urte horretan lortutako emaitzengatik Tolosako kirolari onenaren saria lortu zuen, eta Usabalgo kiroldegian bere izenarekin plaka jarrita du Caminosek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!