Egunotan Kolonbiako Fundacion Vital elkarteko kide den Rosalia Espinosaren bisita izan du Tolosak. 50 familiek osatzen duten Campo Alegre komunitatea laguntzen duen elkartea da Fundacion Vital. Hain justu, elkarte horren proiektuak aurrera eramaten laguntzen dute Samaniego ikastetxeak eta baita Tolosako Udalak ere.
Bi aldiz aldatu behar izan dute bizilekuz Cauca eskualdean Ginebra deituriko herrian bizi diren Campo Alegre komunitateko kideek. Lehenengo aldiz indarkeriatik ihesi, eta bigarrena Guabas ibaiak gainezka egin eta gero. Azken hondamendi horretan hildakoak ere izan ziren, tartean haurrak. Fundacion Vital elkartearen laguntzaz, familia horiek etxeak berregiten hasi ziren, oraingo honetan ingurumena kontuan hartuz. Etxe horien eraikuntzan lagundu zuen Koku-Yo euskal elkarteak eta harremanetan jarri zituen Tolosako Samaniego Ikastetxea eta komunitate horretako Guillermo Leon Valencia eskola. Bi eskolen harremana sendotu egin zen 2006an, senidetze hitzarmena sinatu zutenean.
Bibliomula izeneko proiektua abian jarri zuten, eta azken urteetan, Urtezaharreko Elkartasun Krosean biltzen dutena bertara bideratu dute, Koku-yo elkartearen bitartez. Komunitatea mendian kokatuta dago eta bertara oinez edo zaldiz bakarrik joan daitekeenez, eskolaren jardunari laguntzeko pentsatu zuten Bibliomula proiektua.
Egitasmoan mando bat liburutegi ibiltari bezala erabiltzen dute. Horrela, komunitatera liburuak eta bestelako eskola materiala eraman dezake. Haurren hezkuntza bermatzea ez da erraza han bizi duten egoeran, eta irakasle egonkorrik ere ez dute izaten. Proiektuarekin eskolaratzearen garrantzia eta familien eta eskolaren arteko harremana sendotzea da helburuetako bat. Hala, Bibliomula egitasmoa hobekuntzak eragiten ari da komunitatearen hezkuntza garapenean. Liburuak emateaz gain, mandoak komunitatea bisitatu duen hainbatetan beste ekimen batzuk ere bultzatu dira, antzezlanak eta bestelako kultur eskaintzak, esaterako. Alfabetizazioa lantzeko proiektua da eta ahots gorako irakurketa ere sustatzen dute, komunitate osoan aldaketak eragiteko.
Elkartasun Krosean parte-hartzaileen bidez jasotzen denaz gain, herriko zenbait dendek ere laguntzen dute. Horrekin batera, San Joan azokan Samaniego ikastetxeak postu bat jartzen du, liburuak salduz, eta bildutako dirua proiektura bideratzen dute.
Abenduan Elkartasun krosa egiteko nahia
Bada, proiektuaren barruan, Erein eta irakurri emakumeekin (Sembrar y leer con mujeres) izeneko ekimena abiarazi dute berriki. "Pandemiak, batetik, ezin elkartu izana ekarri du, beraz dinamizatzaile bat joaten da etxez etxe irakurketa saioak egitera; bestetik, oinarrizko produktuen murrizketagatik elikadura subiranotasunaren garrantziaz jabetuta, baratze ekologikoa lantzen dugu".
Bi komunitateentzat garrantzitsua