Hiri-ekonomia indarberritzeko diru-laguntzen ordenantzan aldaketak

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 3a, 07:59

Alokairu eta erosketa gastuak diruz laguntzea, ekintzaileek likidezia izan dezaten ordainketa hiru hilez behin egitea eta eskaerak aztertzeko kudeaketa batzordea sortzea dira Tolosako Udalak onartu dituen aldaketa nagusiak.

Uztaileko Osoko Bilkuran aho batez onartu zituzten puntu guztiak, horien artean, Tolosako hiri-ekonomia indarberritzeko diru-laguntzen programa arautzeko oinarri berriak, eta baita, Hezkuntza Sailak kudeatutako hezkuntza programei lotutako diru-laguntzen oinarriak ere. 

Beharrizan berriei erantzuteko eta hiri-ekonomia osatzen duten sektoreak (merkataritza, ostalaritza, turismoa, zerbitzuak...) indarberritzeko eta jasangarri egiteko helburuz berritu dute ordenantza, ondorengo aldaketa nagusiak txertatuz: alokairu eta erosketa gastuetarako ematea diru-laguntza; diru-laguntzaren ordainketa 3 hilez behin egitea ekintzaileek likidezia izan dezaten eta kudeaketa batzordea sortzea eskaerak aztertzeko. Ordenantza berria 3 ataletan banatuta dute, eta 115.700 euroko aurrekontua du.

Kudeaketari dagokionez, orain arte merkataritza sektorea biziberritzeko Berriz eta Gune Biziak programak Erretengibelen eskutik eman dira, Tolosako hirigune historikoan, lokal hutsak birgaitu eta jarduera berriak martxan jartzeko diru-laguntzak. Erretengibel deseginda, udalak eskainiko ditu zerbitzu horiek. Gainera, lokal hutsen azterketa bat egin du udalak eta azterketaren ondorioak kontuan izanda egokitu da, baita ere, ordenantza berria.

Berriz programa tokiko saltokietan belaunaldi aldaketa eta negozioen eskualdaketa bermatzeko laguntza programa da, Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa eta Gipuzkoako Merkatarien Bazkundeak kudeatzen duena. Tolosako Udalak programa hau osatu egin du, lehen 3 urteetan alokairuaren eta aurrerantzean, maileguaren ordainketa diruz lagunduz. 

Enpresa ekimen bat abiarazten laguntzeko Ekin programari dagokionez, diru-laguntza lokala birgaitzeko (Alde Zaharrean badago) eta alokairu-erosketa gastuetarako izango da, puntuazio baten ondoren. Ekintzaileek bideragarritasun plana eta negozio proiektua aurkeztu beharko dute diru-laguntza jasotzeko, eta Alde Zaharrean kokatuta daudenek puntuazio handiagoa izango dute, "orain arte bezala, bereziki babestu nahi baita eta bultzada berezia eman hirigune historikoari".

Hirugarren atala Gune Biziak proiektua da, eta bere helburua merkataritzako eremuak erakargarri eta atsegin egitea eta kale-espazio eta lokal hutsak dinamizatzeko ekintzak sustatzea. 

Hezkuntza komunitatera bideratutako laguntzetan aldaketak

Udalerriko ikastetxe kontzertatuei bideratutako diru-laguntzak egokitu egin dira eta oinarriak aldatu ikastetxeekin elkarlanean proposamena landu ostean. Aurrerantzean, diru-laguntza Tolosako ikastetxe guztiei eta guraso elkarteei bideratuta egongo da, haur, nerabe, gazte eta familien heziketan lagungarriak diren eskolaz kanpoko programetarako eta kontziliaziorako, familien zaintza eta lan jarduera bateragarria egiteko programak sustatzeko. Urtero Udalak 60.000 euro bideratuko ditu laguntza berri honetara. 

Bestalde, azken osoko bilkuran, arlo sozioedukatibo eta psikosozialean esku-hartzeko zerbitzu kontratua esleitzeko lizitazioari hasiera ematea onartu zen, hutsik geratu ondoren dokumentazioa epez kanpo aurkeztu izanagatik. Zerbitzu berria esku-hartze zerbitzu integralago eta eraginkorragoa eskaintzeko helburuarekin jarriko da martxan, Tolosak arlo honetan dituen beharrei modu egokiagoan erantzuteko. Zerbitzu berriak, beraz, bateratu egingo ditu bazterkeria edo arrisku egoeran dauden pertsonei zuzendutako programa eta arrisku egoeran dauden adingabeei zein familiei bideratutako zerbitzuak. 

Matxin Labaieni eta Juan Mari Jauregiri aipamena

Pasa den astean zendu zen Matxin Labaien margolari tolosarra ere izan zuten gogoan azken osoko bilkuran. "Beti egoten zen oso arduratuta gizartea hartzen ari zen norabidearekin. Asko kezkatzen zuen baita ere nazioarteko egoerak, ez zen eta gure herrira mugatzen, berak askotan esaten zuen, munduko hiritar sentitzen zela, eta bera ez zela bereziki tolosarra, baizik eta bere burua mugarik gabeko mundu batean ikusten zuen, baina guk beti sentitu izan dugu Matxin oso tolosarra, oso gurea. Bere buruarekin fidela izateagatik harro zegoela esaten zuen, eta pozik bere bizitzan zehar gehien maitatzen zuen hori egiteko aukera izan zuelako, margotzea, eta ez zion inoiz margotzeari utzi", esan zuen Olatz Peonek.

Labaienez gain, duela 21 urte ETAk hil zuen Juan Mari Jauregi ere gogoratu zuten. "Udal honetako zinegotzia izandakoa, eta zoritxarreko gertaera hori gogora ekarri nahi dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!