GOGORATUZ

«Errealitate honi gizarterako erakusleiho bat ematea urrats handia da»

Asier Imaz / Josu Artutxa 2021ko abu. 8a, 07:59

Aintzane Artola tolosarra Vogue aldizkarian atera da modelo lanetan; Mango markak titi bakarreko emakumeentzat titi-zorroak eta bainu jantziak aurkeztu ditu, eta elkartasun kanpaina horren barruan parte hartu du.

Bartzelona aldean ibili da modelo lanetan Aintzane Artola (Tolosa, 1985). Profesionalki, lehen aldia izan da, eta une batez, «izar bat bezala» sentitu zela dio. «Polita izan da ohituta ez gauden glamour mundu hori bertatik bertara ezagutzea».

Nondik iritsi zitzaizun aukera?

Teta & teta elkartearen bitartez. Titi bakarreko emakumeak bilatzen ari ziren Mango etxeak atera behar zuen bilduma berrirako modelo lanak egiteko. Izena eman nuen, eta gero heldu zen euren deia. Egun gutxitara Bartzelonan nintzen, argazkiak egiteko prest.

Lehen pausoa, ordea, zuk eman zenuen.

Titi bakarra duten eta Europan bizi diren emakumeen bila zebiltzan. Kanpaina abian jarri zenetik banekien elkartasun ekimen batean parte hartzeko aukera nuela. Mundu berri hau probatzeko gogoa ere banuen, eta izena eman nuen, badaezpada, beti baitago aukera atzera botatzeko.

Noiz ibili zara gertuen atzera botatzeko?

Hegaldi bat hartu eta Bartzelonara joan behar nuela esan zidatenean, mila gauza etorri zitzaizkidan burura: lana, familia… Guztia antolatu beharraren presioa nuen. Hala ere, konbentzituta joan nintzen. Ez pentsa denbora asko behar izan nuenik baietz esateko.

Gustura zaude emaitzarekin?

Bai. Mimo handiz egindako argazkiak dira. Bazekiten ez dela erraza norberaren gorputza horrenbeste erakustea, eta oso ondo zaindu gintuzten. Gerora sekulako oihartzuna izan du; ikaragarria izan da mugimendua. Nik helburu bera izan dut beti, mastektomia igaro eta bular berriak jartzeari ezetz esan diogun emakumeon errealitatea, guztiz bestelakoa dena, ezagutaraztea; titi bakarrarekin bizitzea posible dela ikusaraztea. Hori dela eta, multinazional batek bere bildumarako modelo izateko zu hautatzea eta errealitate honi gizarterako erakusleiho bat ematea urrats handia da.

Zer suposatzen du honek?

Behar handi bat zegoen, eta askorentzat ate berri bat zabaltzea bezalakoa da. Emakumeon bularrekin egiten diren mitifikazio horiekin hausten du Teta & tetak, bular guztiak ezberdinak direla eta guztiak onargarriak direla esaten duena. 2019an, crowfounding kanpaina bat abiatu zuten, Lola izeneko titi-zorroen ekoizpena bultzatzeko. Arrakasta handia izan zuen, eta produktuak merkaturatzean, parte-hartzaileok titi-zorro bana jaso genuen. Abiapuntu moduko bat izan zen. Ondoren, enpresei helarazi zitzaien asmoa: «Zuek ikusten ez duzuen merkatu bat dago hemen, produktu hauek eskatzen dituena; mesedez heldu erronka honi eta atera itzazue mota honetako titi-zorroak».

Espainiako Zirujia Plastikoko Elkarteak emandako datuen arabera, 16.000 mastektomia egiten dira, urtean, espainiar estatuan. Horietatik 4.800 inguruk titi berriak jartzen dituzte; 2.000k, unean bertan. Hortaz, urtean 14.000 emakume gara titi bakarrarekin geratzen garenak edo protesia erabiltzen dugunak. Orain arte ezkutuan egon diren zenbakiak dira, baina beharra, noski, izugarria da.

Lola titi-zorroak, ordea, akats batzuk izan zituen, ezta?

Egia da titi-zorroa oso polita dela, baina bular handiko emakumeek duten titi bakarra ondo helduta sentitu nahi zuten. «Ez da egunerokotasunean ibiltzeko titi-zorro bat, zerbait praktikoagoa behar dugu», diote askok. Akatsa onartu eta hori konpontzeko moduak bazirela, baina baliabideak ez zituztela esan zuten. Hortik heldu zen marka handientzako erronka. «Hemen merkatu bat dago, guk abian jarri duguna, baina orain zuen esku uzten dugu jarraipena ematea. Ausartu zaitezte», esan zitzaien.

Izen bera du orain?

Bi mota atera dituzte: Lola eta Lolita. Bular bakarra duten emakumeentzako titi-zorroak, bainujantziak eta bikiniak dira. Horrez gain, paraleloan doan bilduma txiki bat ere argitaratu dute, protesia erabiltzen duten emakumeei begira.

Nolakoak dira titi-zorroak?

Oro har, erosoagoak direla esango nuke. Hala ere, bular handia duten emakumeak oraindik ere deseroso sentitu daitezke. Bainujantzia eta bikinia erosoagoak dira, baina titi-zorroa hobetzeko zerbait falta zaie oraindik. Eredu bat bakarrik da, eta datozen urtaroetan bilduma berriak ateratzeko asmoa dute. Gainera, bilduma horiekin lortutako dirua %100ean bideratuko dute Teta & teta elkartera.

Jaso al duzu gainerako emakumeen erantzuna?

Oso pozik nago proiektuak izandako ibilbidea eta hedapena ikusita. Ezer ez izatetik, honi buruz hitz egitera behintzat iritsi gara, eta aurrerantzean, naturaltasunez hitz egitera heltzea da asmoa. Izan ere, tabu bat bihurtzen den guztiak beldurra sortarazten du, eta zure errealitatea edonori kontatzeko gai baldin bazara, lotsa guztiak galtzen dituzu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!