GOGORATUZ

Bidaiatzea bizimodu, 40 urtean

Irati Saizar Artola 2021ko uzt. 31a, 07:59
Josu Iztueta eta Anjel Ortiz Nairobitarra autobusarekin. JUAN CARLOS RUIZ

Autobus bat erosi, 20 lagun inguruk bidaiatzeko prestatu eta munduan barrena ibili da Nairobitarra. Besteen oporraldia, beraien lanbide izan dute Anjel Ortiz eta Josu Iztueta tolosarrek.

Abenduaren 12an bete zituen Nairobitarrak 40 urte. Tolosatik Nairobira egin zuten lehen bidaia haren ondoren etorri dira beste milioi bat kilometro baino gehiago, munduko txoko ezberdinetara egindakoak. Oporrak izan dira askorentzat, bizitzeko modu bat besteentzat. Lau hamarkadaz, autobusa bidaiariz bete, eta munduari buelta eman ez badiote ere, munduko txoko eta bazter ezberdinak ezagutzen ibili dira, urtez urte, Nairobitarrean. Eguneroko aterpe izan duten bidaiariek Nairobitarra, garraio modura eta ostatu gisara. 

Mendiak eta mendi giroak eraman zituen, besteak beste, Josu Iztueta eta Anjel Ortiz gazte garaian bidaiatzera. Aralarren eta inguruko mendietan ibili ziren lehenik, eta behin garraioa izanda Pirinioetara gerturatu ziren ondoren. Alpino Uzturre elkartea ere gertuko zuten eta mutil koskorrak zirenean egin zituzten lehen mendi irteerak eta kanpamentuetan egonaldiak.

Hala ere, Iztuetak aitortu du bidaiatzeko gogoa «kutsatu» egin zietela hainbatek. Tartean aipatu ditu Ramontxo Elosegi, Antxon Bandres, Lukas Mendikute edota Mikel Arrastoa. Hala ere, bizitutakotik ere hartu zuten ideia: «Nairobira egindako bidaia hura ez zen izan bat-batean autobusa hartu eta ateratzea». Aurrez furgoneta batekin egindako bidaiak edota Londresera auto-stopez egindako bidaiak animatu egin zituen horrelako proiektu bat martxan jartzera. Iztuetak Londreseko bidaia hartan ezagutu zituen Indiara ateratzen ziren Magic Bus-ak eta Euskal Herrian antzeko zerbait egitea pentsatu zuten.

Autobusa aterpe, munduko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera eskaini du Nairobitarrak

1980an autobus zahar batera igo ziren Anjel Ortiz, Manuel Mokoroa eta beste hamazazpi lagun eta Nairobira, Kenyako hiriburura egin zuten bidaia. Tolosatik Nairobira, Nairobitarrean. Hiru hilabete, hamar mila kilometro eta «hamaika mila komeria» pasa zituzten, eta Saharako hareatzak eta Afrika ekuatorialeko oihanak zeharkatu ondoren, Nairobira onik iritsi ziren denak. Bidaiariak onik iritsi ziren, bai, baina autobusa ez zen baldintza onenetan iritsi. Hortaz, Kenyako Gobernuari saldu zioten, eskola bateko futbol talde batek erabil zezan. Hemeretzi bidaiariak hegazkinez itzuli ziren Euskal Herrira.

Iztuetak ez zuen lehen bidaia hartan parte hartzeko aukerarik izan, «soldaduskatik libratzeko ahaleginetan» zebilelako. Hala ere, autobusa Nairobira abiatu eta denbora batera, lagun batekin batera Aljeria hegoaldera abiatu zen Land Rover batean, «haiekin bueltakoan topatzeko asmoz». Uste baino denbora gehiago behar izan zuten, ordea, Tolosatik Nairobira iristeko, eta ez zuten kideekin topo egiteko aukerarik izan. «Otsaila-martxoa inguruan Aljeriako basamortua ezagutu genuen eta handik bueltan pentsatu genuen agian joan-etorriak antolatzeko moduko bizimodua egin genezakeela, edo asma genezakeela behintzat». Ortizek 25 urte zituen eta 24 zituen Iztuetak.

Pentsatutakoa egi bihurtuta

Buruan zuten ideiarekin aurrera egi zuten. Beste autobus zahar bat hartu, egokitu, eta hara eta hona ibiltzea zen asmoa. Eta esan eta egin, horrelaxe egin zuten Josu Iztueta eta Anjel Ortizek. Mudantza kamioi zahar bat erosi zuten, eta hogei lagunek bidaiatzeko lekua egokitu zuten: oheak, mahaiak edota sukaldea jarri zizkioten. Kamioi hark ere Nairobitarra izena mantendu zuen, nahiz eta helmuga Nairobi ez izan, Afrikara egindako bidaiaren izaera mantentzen zuelako.

Urtean hiru edo lau aldiz, bidaiak antolatzen zituzten jende gehiagorentzat: batzuetan, Saharako basamortuan zehar Afrika iparraldera, eta besteetan, Europan zehar, Iberiar penintsulatik Eskandinaviaraino. Irekiak ziren bidaia horiek, edonork har zezakeen parte.

Nairobira bidaia egin aurretik, furgoneta honetan ibili ziren hara eta hona; hortxe sortu zitzaien Nairobitarra proiektuaren ideia. ATARIA

1989an Amerikara, Kanadara bidali zuten autobusa itsasontziz. Han, Ipar Amerikan bidaiatzen hasi eta pixkana hegoalderantz joan ziren, Erdialdeko Amerikara. 1995ean, Hego Amerika ezagutzen hasi ziren, bidaiez bidai. Ia kontinente osoan zehar ibilbideak bete ondoren, eta hara eta hona 300.000 kilometro inguru egindakoan, Nairobitarra Asiara itsasontziz bidali nahi izan zuten, ondoren Asiatik Europarainoko bidea bete eta munduari buelta emateko. Asiako hainbat herrialdetan, ordea, egoera «nahasi samarra» zen azken boladan eta «talde handiekin bidaiatzeko arazo gehiegi» sor zitezkeenez, munduari bira emateko asmoa bertan behera geratu zen. «Bidaietan ere, asmo guztiak ezin dira bete, eta bidea non bukatu asmatu behar da», dio Iztuetak.

Nairobitarrak, bigarren autobusak, bidaiatzen 20 urte bete zituenean, 2002an, betirako Hego Amerikan geldituko zela erabaki zuten antolatzaileek. «Han bidaia gehiago antolatzeko asmorik ez genuenez, autobusa norbaiten mesedetarako ematea bururatu zitzaigun», kontatu dute. Txilen haur umezurtzak eta pobreak zaintzen dituen zentro bati eman zioten autobusa, «guk bezalako suerterik izan ez duten haurrek ere autobusa erabiltzeko aukera izan zezaten».

Nairobitarraren bigarren autobus hori Atlantikoz beste aldera eraman zutenean, 1989. urtean, beste autobus zahar bat erosi zuten Euskal Herrian, 18 urte zituena. «Eskola garraioa egiten zuen autobusak eta geure erara bidaiatzeko egokitu genuen». Hirugarren Nairobitarrarekin Afrika iparraldean eta Europa osoan zehar egin zituzten bidaiak, 2003ra bitarte. Urte hartan erretiroa ematea erabaki zuten, eta beste erabilpenik aurkitu ez ziotenez, 2004ko udazkenean txatartegira bota behar izan zuten.

Tolosatik Nairobira autobus honetan egin zuten bidaia, 1980an. Irudian, Zaireko pista batean. ATARIA

Autobus handiak alde batera utzi eta jarraipena izan zuen Nairobitarrak 2002tik aurrera ere. Ortizek bere bizitza motorren konponketetara bideratzea erabaki zuen, eta Iztuetak jarraitu zuen bidaiekin, formatu txikiagoan: «Bigarren eskuko furgoneta handi bat erosi nuen eta hura prestatu nuen autobus txiki modura; autobus handietan 20 lagun joaten ginen eta ordutik aurrera zortzi laguneko bidaiak egiten hasi nintzen». Filosofia berberarekin jarraitu zuen mundua ezagutzen Iztuetak, baina formatu txikiagoan.

Bidaietako kontuak 

Lau hamarkada bete dituzte hara eta hona, munduan barrena, errepidez errepide. «Zenbat aldatu diren gauzak ordutik hona», dio Iztuetak. Duela 40 urte, Internetik gabe, mugikorrik gabe, GPSrik gabe osatzen zituzten kilometroak. Baina iritsi egiten ziren helmugara, hala nola. «Gaur egungo baliabiderik ez zenez, informazioa lortzea zaila izaten zen; Nairobira egindako bidaiaren kasuan, han egondako Bilboko misiolari batzuekin hitz egitea lortu genuen eta haiek eman ziguten informazioa».

Bidaietara abiatu aurretik prestaketa lan handiak egin behar izaten zituzten. «Gogoan dut baita ere 300.000 pezeta besapean hartuta Parisera nola joan nintzen 20 pasaporterekin bisak egitera». Urtean ia dozena erdi bidaia prestatzen zituzten. Amerikara autobusa eraman zutenean, esaterako, leku ezberdinetan utzi ohi zuten autobusa bidaia amaitzean. Hurrengo bidaia, autobusa utzi zuten lekutik abiatzeko prestatzen zuten, eta hara iristean, astebete edo behar izaten zuten konpondu, garbitu eta martxan jartzeko.

Besteen oporrak izan dira Ortizen eta Iztuetaren lanbide. «Urte intentsuak izan dira; ez kanpoan pasatakoak bakarrik, baita hemen prestaketetan pasatu ditugunak ere», dio Iztuetak. Era berean, azaldu du hemengo bizimodua ez dutela inoiz alde batera utzi: «Gu ez ginen inora bizitzera joan». Beraientzat bidaiatzea bizitzeko modu bat da, ekonomikoki irauteko aukera ematen diena. Kanpoan denbora eginagatik, herriko kontaktua mantentzeko bideak aurkitzen zituzten bidaietan. «Inoiz ez naiz deserrotua sentitu, oso garbi izan dut sustraiak non dauzkadan», dio.

«Hemengo berri beti izaten genuen, eskutitz asko idazten nituen eta bueltan ere jasotzen nituen», kontatu du tolosarrak. Eskutitzekin batera egunkari zatiak ere jasotzen zituzten: «Tourreko etapen egunkari zatiak jasotzen genituen 20 egun geroago, edo baita sanferminetako entzierroak ere». Horretara ohitu ziren, eta ikusi dute nola gaur egungo teknologiak hori guztia aldatu duen, «ia-ia bi lekutan batera egoteraino».

Gauza batzuk ordea, duela 40 urte eta orain, ez direla aldatu aitortu du. Esaterako, eguraldia. «Eguraldia ez da aldatu eta ez dugu aldatuko ere». Denbora pasatuagatik beraz, badira berdin mantentzen diren faktoreak: «Seguru asko gosea eta egarria momenturen batean berdin pasako dituzu, edo beldurra, edo hotza... urteak pasatuagatik gauza batzuk ez dira asko aldatzen».

Bizitza erosoa ez, baina gogokoa 

Bizitza erosoak egon daitezkeela dio Iztuetak, eta berak horrelako bizitza bat aukeratu ez badu ere, gustukoa aukeratu duela aitortu du. «Bizimodu batzuk aurrera eramateko, igerian korrontearen aurka joan behar duzu; berez errazagoa da korrontearen alde igeri egitea, edo salto egin eta korronteak eraman zaitzala bizimodu erosoago batera».

Izan ere, esan du, 20 lagun hartu eta horrelako bidaiak egiteak ardura handia eskatzen duela, eta baita ausardia ere. «Pixka bat erotik ere izan behar duzu, izan ere, helmugara iritsiko zaren garbi ez duzun leku batera abiatzeko, gutxienez baikorra ere izan behar duzu». Adibide batekin azaldu du: «20 lagun eta 500 litro ur hartuta basamortura sartzen zara, eta berriro bidoia betetzeko putzu baten esperantza duzu; putzu hori lehortuta badago, handik aurrerako kontuak zure ardura ere badira». Aitortu du arrisku handiak hartu izan dituztela batzuetan, baina oroitzapen txarrak ahaztu egiten direla: «Mekanismoak baditugu gizakiok onari heldu eta txarrak ahazteko, bestela bizitza hau jasanezina litzateke».

 

Nairobitar bat baino gehiago

 

NAIROBITARRA I, SS-65455

1980ko abenduaren 12an, Tolosatik Nairobira egin zuen bidaia autobus hark. Hiru hilabete eta hamar kilometroren ostean, egoera txarra zuela-eta, Kenyako Gobernuari saldu zioten, futbol talde bati emateko. 

NAIROBITARRA II, SS-5732A

1982an erosi zuten Anjel Ortiz eta Josu Iztuetak. Saharako basamortuan zehar eta Iberiar Penintsulatik Eskandinaviarainoko bidaiak egin ondoren, 1989an Amerikara bidali zuten itsasontziz. Alaskatik Ushuaiaraino, Amerikan zehar, 300.000 kilometro egin zituen, eta 2002an, Txilen utzi zuten, betiko. 

NAIROBITARRA III, SS-97274

1989an erosi zuten beste autobus zahar bat. Afrika iparraldean eta Europa osoan zehar ibili ziren, hari ere 2003an erretiroa eman zioten arte. 2004an txatartegira bota behar izan zuten.

2002tik aurrera Josu Iztuetak bigarren eskuko furgoneta bat erosi zuen eta hura prestatu zuen autobus txiki modura. Zortzi laguneko bidaiak egiten ditu ibilgailu horrekin.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!