Anbulatorio parean oinezkoentzako pasabide berria egokitu dute

Ataria 2021eko uztailaren 28a

Abuztuko azken astera bitarte, oinezkoak eraikinaren hegoaldeko espaloitik iritsi ahal izango dira anbulatoriora. Ibilgailuentzat San Juan kaletik aparkalekurako sarrera mantenduko da.

Gernikako Arbolako obren ondorioz, anbulatorio parean, oinezkoen eta ibilgailuen sarrera eta irteerak berrantolatu ditu Tolosako Udalak. 
Abuztuko azken astera bitarte, oinezkoak eraikinaren hegoaldeko espaloitik iritsi ahalko dira anbulatoriora. Hilaren azken astean, aldiz, sarbide hori itxi eta beste bi ahalbidetuko dira oinezkoentzat: epaitegiaren eta anbulatorioaren artean dagoen kalea eta baita San Frantzisko eta San Juan kaleen arteko ibilbidea ere.

Ibilgailuen kasuan, abuztu osoan, Alondegia aparkalekuko erabiltzaileek soilik zirkulatu ahal izango dute ibilgailuarekin. San Juan kaletik aparkalekurako sarrera mantenduko da, eta hegoaldetik Beotibar pilotalekuaren ondoko irteera egokitu da.

Bestalde, anbulatorio pareko edukiontziak farmazia parean dagoen Gernikako Arbolako aparkalekura lekualdatu dira, aldi baterako, obrak amaitu arte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!