Agaramunduko babes ofizialeko etxebizitzen zozketa, hilaren 29an

Ataria 2021ko uzt. 26a, 14:25

Sei etxebizitza zozkatuko dituzte eta 24 eskatzaile daude. Leidor aretoan egingo dute zozketa, 11:00etatik aurrera.

Agaramunduko babes ofizialeko etxebizitzak mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonei edo 70 urtetik gorakoei zuzenduta daude, eta horietako sei zozkatuk dituzte uztailaren 29an, 11:00etan, Leidor aretoan. Zozketa publikoa izango da eta 24 dira eskatzaileak. Eskatzaile babes horietako bakoitzari ausazko zenbaki bat egokituko diote zozketarako, eta zenbakiak ateratzen diren hurrenkeran osatuko dute esleipendunen zerrenda. Gainerakoek itxaron zerrenda osatuko dutela esan du udalak.

Bi txandatan egingo dute adjudikazioa: mugikortasun urri iraunkorra duten 4 eskaera egon dira eta horien artean esleituko dute etxebizitza egokitua (bakarra). Oinarrien barruan puntuazio gehien duen esleipendunari adjudikatuko zaio etxebizitza. Bestalde, 70 urtetik gorakoen kupoan 20 eskaera egon dira. Zozketa bidez, dagozkien zenbakiak aterata, irteten diren lehen 5 zenbakiek osatuko dute esleipendunen zerrenda, eta, gainontzekoek, itxaron zerrenda osatuko dute hurrenkeraz.

Esleipenaren emaitzatik ateratzen diren esleipendunen zerrenda eta itxaron zerrenda zinegotzi delegatuaren dekretu bidez onartuko dira, eta udalaren iragarki taulan jarriko dituzte erakusgai. Etxebizitzaren esleipendun gisa hautatutako bakoitzari jakinarazpen pertsonala egingo diote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!