Eta pasa den asteburuan Donostiarantz abiatu nintzenean aparatu berria jarrita, aspaldiko partez Berri Txarrak-en Eskuak/Ukabilak diskoko kantuen hitzak eztarrian, bi gauzaz jabetu nintzen: bata, gaur entzuten dudan musikak, ona izanik ere, ez didala sortzen gaztaroko kantuen zirrararik, eta bestea, ahaztuta neukala dutxan baino gehiago autoan kantatzea gustatzen zaidala.
Niretzat, leihoa jaitsita eta haizea sentituz kantatzeak badu halako usain erromantiko bat. Unibertsitateko garaiak dakarzkit gogora, orduan ibiltzen bainuen gehien autoa, Gasteiza joan-etorrian. Baina gaztexeagotakoak ere bai, lagunek gidabaimena atera berritan inguruko herrietako festetara joaten ginenekoak, edo kuadrillan eginiko lehen egun-pasa eta oporretakoak.
Niretzat, leihoa jaitsita eta haizea sentituz kantatzeak badu halako usain erromantiko bat. Unibertsitateko garaiak dakarzkit gogora, orduan ibiltzen bainuen gehien autoa, Gasteizera joan-etorrian
Atzera begira jarrita, ikusten dut urte haiek zein garrantzitsuak izan ziren gaur naizen hau eraikitzeko prozesuan. Autonomo izaten ikastea prozesu bat baita: lehenbizi abantailez eta askatasunaz gozatu genuen, eta ondoren independentzia horrek berekin dakartzan erantzukizunez jabetu ginen. Baina gazte ginen, libre ginen eta ondo pasatzen genuen.
Horrexegatik, udako egunotan tristura handia sentitzen dut gaur egun eraikuntza prozesu horretan dauden gazteei begira. Badakit pandemiak denoi eragin digula neurri berean, baina garai desberdinetan harrapatu gaituenez gero, ondorioak desberdinak dira ezinbestean. Eta autoan nostalgian murgildurik nindoala, gazte horiek zetozkidan burura, nola eskatzen diegun oraindik barneratzen ari diren erantzukizun horrekin jokatzeko, nahiz eta ia ez duten aukerarik izan autonomiak ematen dizkien abantailez eta askatasunaz gozatzeko. Eta hala behar du, jakina. Baina hemendik hogei urtera autoan gaztaroko kantuak entzuten dituztenean, zein oroitzapen etorriko zaizkie gogora?