Gazte izango banintz zer?

Erabiltzailearen aurpegia Maite Asensio 2021ko uzt. 28a, 20:58

Tolosako zenbait tabernetako terrazetan bezeroak kontsumitzen, artxiboko irudi batean. I.G.L.

Uda, aisialdia eta gazteak, hiru hitz horiekin sortu den anabasa ez da nolanahikoa izan. Pandemia sortu zenetik dabil jendearen eta agintarien ahotan sarriegi gazte hitza. Beraiek gazte izan zirenekoak ahaztuta balituzte bezala, ez dakit baino nik ez ditut ahaztu eta ondo gogoan ditut herriz herri, festaz festa pasatako gauak. 

Lagunekin, nerabezaroan edo gaztaroan, hain garrantzitsua den sozializazioaren bide nagusi izan dira herrietako festak eta parrandak. Baina, orain gazte direnek ezin dute horrela ibili eta neure buruari galdetzen diot sarri, gazte izango banintz zer egingo nukeen nik. Erantzuna badakit, eta zuk?

Egoera honek gauza asko azaleratu ditu, herriko denden garrantzia, zaintza, osasuna, komunitatea,… Baina nekez entzun dut inor, orain arte, aisialdiaz gozatzeko izan ditugun ohiturak zalantzan jartzen. Zein aisialdi eredu utzi edo erakutsi diegu gure gazteei? Beraiek asmatu al dute parranda edo botiltzarra? Beti esan izan ohi da, haurrek inguruan ikusten dutena egiten dutela, hau da, ereduak errepikatzen dituztela. Parke ondoko terrazak inguruko bankuak baino beteago egoten dira arratsaldeetan, haurren zaintza egiten duten bitartean lagunartean zerbait hartzeko aukera aprobetxatu nahian ibiltzen baitira helduak. Asteburuetan ere, edozein aitzakia izaten da ona lagunekin edo familiarekin elkartu eta zerbait hartzeko. Eredu horiek behin eta berriz errepikatzen dira haurren aurrean, baita nerabe eta gazteen aurrean ere. Guztia ospatzen dugu janari eta edariz inguratuta. Eta zer egiten dute gazteek, eredu horiek errepikatzea ez bada? Hala ere, guk emandako eredua zalantzan jartzea baino errazagoa izan da gazteak kritikatzea, arduragabeak direla esatea eta gure haserrea beraien aurka erabiltzea.

Nekez entzun dut inor, orain arte, aisialdiaz gozatzeko izan ditugun ohiturak zalantzan jartzen. Zein aisialdi eredu utzi edo erakutsi diegu gure gazteei?

Baina zein aisialdi eskaintza dute nerabe eta gazteek gaur egun? Elkartzeko zituzten lokalak itxi zitzaizkien, adin horretan hain garrantzitsuak diren taldeak murriztu, taberna barrualdeak mugatu… Elkartzeko lekurik gabe, kalean, denon begien aurrean ibili dira edozein jokabide kritikatu zaielarik. Gazteak berez dira ekintzaileak, identitate propioa sortzen ari diren horretan ingurura ikasteko asmoz begiratzen dutenak. Eta bide horretan trabak jartzen ibiltzea baino aberasgarria izango da bidelagun izatea. Kritikak baino animoak behar dituzte, eta laguntza, beraien bizitza gurea baino gehiago astindu baitu pandemiak. Itzuliko dira garai hobeak noski, baina beste modu batera bizitzen ikas dezagun guztiok, berriz ere, mendian, festetan, lokaletan… lehen bezala baina desberdin elkartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!