Emanaldi biribilak egin dituzte Tolosako gimnastek

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 22a, 11:58

Tolosa CF klubeko gimnastika erritmikoko junior mailako taldea hirugarren postuan sailkatu da Espainiako Taldekako Kopan.

Igandean, Gimnastika Erritmikoko Espainiako Taldekako Kopako bigarren fasea jokatu zen Valentzian, eta bertan Tolosa CF klubeko bi taldek hartu zuten parte: junior mailakoek eta lehen mailakoek.

Ane Barandiaranek, June Bengoetxeak, Saioa Ceberiok, Maite Iturriozek, Ahetze Olanok eta Aroa Zugastik osatu zuten juniorren taldea, eta xingola eta uztaiekin aritu ziren. Lan ona egin ondoren, hirugarren izan ziren 17,1 punturekin. Cronos taldea (Murtzia) izan zen onena, 22,2 punturekin; bigarren, berriz, Algete (Madril) sailkatu zen, 17,4 punturekin.

Lehen mailako nesken taldea, berriz, Ane Alustizak, Mara Herrerak, Irene Arbeloak, Ismene Aguirrek eta Aitane Goikoetxeak osatu zuten. Akats txiki batzuk egin zituzten arren, brontzezko dominatik 0,25 puntutara besterik ez ziren geratu.

Denboraldia amaitu ondoren, gimnasta, entrenatzaile, familia eta babesle guztiak zoriondu dituzte Tolosa CF Gimnastika taldeko ordezkariek. Irailean ekingo diete berriro entrenamenduei eta abenduan jokatuko den Espainiako Txapelketa izango da gimnasten hurrengo helburua. Bitartean, ateak zabaltzen dizkie gimnastika erritmikoa praktikatu nahi duen orori. Horretarako, cgrtolosa@gmail.com helbidera bidali behar da mezua.

Argazkiak: Tolosa CF Gimnastika

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!