Irati Lakunzak hiru domina irabazi ditu

Ataria 2021eko uztailaren 22a

Tolosarrak bi proba irabazi ditu Hegats Igeriketako Espainiako Txapelketan; bertan, sari bat jaso du Igarondo Urpekoak taldeko Jon Espina entrenatzaileak.

Pasa den asteburuan, junior eta senior mailako Hegats Igeriketako Espainiako Txapelketak jokatu ziren Benidormen. Besteak beste, Tolosako Igarondo Urpekoak taldeko hamalau igerilari izan ziren bertan.

Junior mailan, lehendik zituen markak ondu zituen Maite Gibelaldek, eta errelebo polita egin zuten Izaro Bartolomek, Nora Garmendiak, Libe Mancisidorrek eta Gibelaldek berak. Mutiletan, Jon Telleriak ere lehendik zituen markak ondu zituen.

Senior mailan, Irati Lakunzak hiru domina eskuratu zituen, urrezko bana murgilketa estiloko 400 metroko eta 100 metroko probetan, eta zilarrezkoa urazaleko 100 metroko lasterketan; azken honetan, gainera, bere marka hobetzea lortu zuen.

Bestetik, urazaleko 200 metroko proban, bederatzigarren izan zen Nora Sarasola, bere denbora hobetuz, eta Araitz Auzmendik ere bere denbora hobetzea lortu zuen. Mutiletan, murgilketako 100 metroko proban, laugarren izan zen Patxi Monge. Mikel Estebanek eta Gregorio Mancisidorrek euren markak hobetu zituzten, eta Unai Eraso bosgarren izan zen murgilketako 400 metroko proban.

Txapelketan bertan, urrezko domina eta oroigarri bana jaso zituen Jon Espina klubeko entrenatzaileak. Bere ibilbide luzean, hegats igeriketari eman dion guztiagatik omendu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!