Musika Gernikako bonbardaketari

Ataria 2021eko uztailaren 21a

Gernikako 1937ko bonbardaketan oinarritutako Gernika.Markak dokumentala ikusi ahal izango da igandean, Tolosako zezen plazan. Proiekzioan zuzeneko soinu banda entzun ahal izango da.

Markak proiektua ikusi ahal izango da igandean, hilak 25, Tolosako zezen plazan 22:00etatik aurrera, Kultura Plazara jaialdiaren barruan. Gernika.Markak dokumentala ikusi ahal izango da soinu banda zuzenean jotzen duten bitartean. Dokumentala Hannot Mintegiarena da, eta Aitor Etxeberria eta beste zazpi musikarik joko dute soinu banda. Obrak 1937an alemaniar hegazkinek egindako bonbardaketaren historia kontatzen du.

Ez da Tolosako asteburuko ekitaldi bakarra izango. Ostiralean Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du, 22:00etan zezen plazan, eta larunbatean Bang! Bang! Tolosa zinema saio berezia egongo da. Por un puñado de dólares filma eskainiko dute zezen plazan 22:00etatik aurrera eta sarrera doakoa izango da. Krispetak eta garagardoa doan banatuko dituzte ere eta, horrez gain, filmaren inguruko photocall-a egongo da. Filmaren aurretik aurkezpena, lehiaketak eta sari banaketa egongo dira.

Zezen plazako ikuskizunetara joan ahal izateko sarrerak kulturaplazara.eus webgunean eskuratu daitezke.

Bestalde, asteartean, hilak 27, Beotibar 700 urte: gezurren egia liburuaren inguruko hitzaldia eskainiko du Xabier Irujok. 19:00etan ariko da udaletxeko batzar aretoan eta Beotibarreko guduaz arituko da, mendez mende metaturiko bihurrikeriak salatu eta gauzaren bide biluzia argitzeko, sorburuetatik abiatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!