Zazpigarren ilara

«Ikasi dudana eta gero, beste begi batzuekin ikusten ditut pelikulak»

Irati Saizar Artola 2021ko uzt. 25a, 07:58

Hodei Arrastoa aktore eta dantzaria. I. SAIZAR

Zazpigarren ilara atalean beste aktoreez hitz egin ostean, testuak lantzen aritu den Hodei Arrastoa bera ezagutzeko parada izango da jarraian datorrena.

Hilabetez hilabete, azarotik hasita, lekua egin zaio Zazpigarren ilara atalari Tolosaldeko Ataria-n. Bederatzi pieza eskaini dira, bederatzi euskal fikzio eta hemezortzi euskal aktore eta haien iritziak. Kolaboratzaile bat izan du atzean, guztia idazten, guztia prestatzen, eta gaur, bere aurpegia eta bere ibilbidea ezagutzeko tartea izango da, Zazpigarren ilara hemen amaituko baita. Hodei Arrastoa da bera (Zizukil, 1995), aktorea eta dantzaria. Ikasturte berrian zerbait berria etor daiteke, gai ezberdin baten ingurukoa, oraindik zehazteke dagoena.

Zazpigarren ilara atalaren atzean nor egon da?

Aktore bat egon da, euskal fikzioa errepasatu eta deskubritu nahi duen pertsona bat. Nik elkarrizketak egin ditudanean beti esan izan diet ez naizela kazetaria, pixka bat ardura ere jaisteko [Barreak]. Interesa izan dut elkarrizketatuak ezagutzeko, beraien iritzia jakiteko.

Ikasteko balio izan dizu?

Asko, egia esan. Euskal pelikulak ikusten ditut, baina Bartzelonan bizi naizenez, batzuk bidean galtzen zaizkit. Balio izan dit pelikulak errepasatu eta gogora ekartzeko, eta jendea ezagutzeko ere bai. Ate bat ireki zait hemengo panorama zein den ikusteko, beraien lana nola bizi duten jakiteko, zein animo dagoen, etorkizuna nola ikusten duten jakiteko. Ikasi dudana eta gero, beste begi batzuekin ikusten ditut pelikulak orain.

Bartzelonan bizi zara egun, zerk eraman zaitu hara?

Beharrak eraman nau. Dantzerti eskola oraindik ez zegoen irekita hemen, eta ez zegoen goi mailako ikasketak egiteko aukerarik. Ikastera joan nintzen hara, duela zazpi urte. Proba batzuk egin behar izan nituen, eta sartzea lortu nuen. Nire garaian hemen aukeraren bat izan banu, seguruenik hemen jarraituko nukela.


Zehazki zer ikasi duzu?

Arte dramatikoko goi mailako ikasketak egin ditut. Lau urteko ikasketak dira, gradu baten modukoa da. Nire kasuan, bost urtetan atera dut titulua; izan ere, laugarren urtean Erasmusera joan nintzen, eta han nengoela ez nuen ikasketa amaierako lana egin nahi, eta bosgarren urtean egin nuen lan hori. Euskal dantzen mugimendua eta mugimendu garaikidearen arteko lotura zein den ikertu nuen, eta ikerketaren zati bat Tabakaleran aurkeztu nuen, Olatu Talka jaialdian.

Aktore bide horretan, dantza ere ukitu duzu.



Interpretazioan hiru bide daude: musika-antzerkia, testu-antzerkia eta antzerki fisikoa. Azken hau ikasi dut nik; ez zidaten katalanez jakitea eskatzen, nahiz eta gero ikasi dudan, eta antzerki fisikoa egiten ari ginenok aukera bat bagenuen antzerki bisualera gerturatzeko. Antzerki bisuala objektu bizigabe bati bizia ematea da, esaterako, txotxongiloei, hariarekin mugitzen diren gauzei, edota galtzerdi bat eskuan sartu eta mugitzea da. Ikasketa guztian zehar dantzako irakasgaia eduki dut, contact dantza, pisua pisuaren kontra eta inertziak lantzen direna, eta baita dantza garaikide pixka bat ere. Akrobaziak ere egin ditugu.

«Ezin dugu gure kultura kontsumoa oso-osorik herriko kultura zinegotziaren esku utzi»


Aurretik ere dantzan aritutakoa zara.

Hamabi urte inguru nituela Oinkariren emanaldi bat ikusi nuen Zizurkilen, eta hori egin nahi nuela pentsatu nuen. Oinkarin hasi nintzen Bartzelonara joan nintzen arte. Bartzelonan, batetik, gogoa nuelako egin nituen ikasketa horiek, eta, bestetik, ez nekien nora sartzera nindoan ere; feliziano bat naizenez, aurrera egin nuen; izan ere, ikusi nuenean zein zailtasun zuen ikastera nindoanak, ez nuen ulertu nola lortu nuen sartzea! Neurri batean, lehenagotik dantzan ibili izanak lagundu zidan, eta Oinkarik beste ikuspuntu bat eman dit, ez soilik euskal dantzekiko, baizik eta esaterako, Itsasoaren Emazteak ikuskizuna aurkeztu genuenean, Agurtzane Intxaurragarekin lan egiteak eta antzerkitik zuen hori ikusteak piztu zidan gogoa. Bestetik, Tolosako Tik Tak antzerki taldean ere ibili nintzen, eta nolabait antzerkia ere probatuta nuen hara joaterako. Hala ere, dantzatik natorrela badakit eta ikasketetan ere mugimendu aldetik jarraitu dut, baina testua ere gustatzen zait.



Txikitatik zenekarren artista izateko sena?

Munduko galderarik okerrena da niretzat [Barreak]; izan ere, egia esateak lotsa ematen dit, baina hala da. Lotsa gutxi duena izan naiz, sozializatzeko erraztasunak dituena. Eskolan, antzerkia egiten genuenean, ondo irakurtzen nuenez, narratzaile papera egin izan nuen eta baita protagonistarena ere, baina ez bereziki talentuagatik. Biolina jotzen hasi nintzen zortzi urterekin eta berehala oholtzak zapaltzen hasi nintzen. Dantzan hasterako banekien zer zen jendaurrean egotea. Antzerkia ikasteko klik hori egin zidana, ordea, Villabonako Gurea antzokian ikusi nuen pelikula batekin izan zen, zehazki, Tres metros sobre el cielo filmarekin. Ez da inondik inora gehien gustatu zaidan pelikula; egia esan, behin bakarrik ikusi dut, baina, badu zerbait, gertuko bezala sentitu nuen. Ikusi nuen zerbait, planteatzera eraman ninduena ea hori egin ote nezakeen. DBHko 4. mailaraino oso argi izan nuen ingeleseko irakaslea izan nahi nuela, baina nire anaia euskal filologia egiten hasi zen, eta zein ikasgai zituzten esan zidanean konturatu nintzen horixe bera ingelesarekin ez nuela egin nahi. Pelikula horren ostean pentsatu nuen ea antzerkia ikasi ote nezakeen.



Talentua ekarri edo ikasi egiten da?

Egia absoluturik ez dut. Batzuk badira txikitatik planteatu ere egin ez dutenak, bertan aurkitu direlako. Nire lagunik onenak, nire pisukideak, sei hilabete zituela egin zuen lehen iragarkia. Gurasoei aukera suertatu zitzaien eta animatu egin ziren. Horrela, irabazten zuten dirua etorkizunean ikasketak ordaintzeko balio zezaketela pentsatu zuten. Eta berak hautatu gabe, kameren aurrean hazi da, etorri egin zaio, kasualitatez, eta hor jarraitzen du. Eta nire kasuan, film hori ikusita piztu zitzaidan harra, eta aukera bezala planteatu nuen. Senak eman didana baino gehiago, ikasi egin dudala esango nuke.

Ikasketak amaitu zenituen eta Bartzelonan jarraitzea erabaki duzu.

Hona natorrenean euskaraz bizi naiz, eta Aitziber Garmendiarekin hizketan, esaten zidan euskaraz jakinda ate asko irekitzen direla hemen, baina, nik momentu honetan Bartzelonan daukat sarea, ezagutzen dudan jendea, han ateratzen zait lana. Hona etorriko nintzateke, baina ezin naiz lanik gabe etorri, gurasoen etxera bizitzera.

Lan finkorik gabe egiten duzue lan. Horrela bizitzen ere ikasi egiten da?

Ohitu egin beharko dut, akabo bestela. Lan bat amaitzen duzunean ez dakizu beste lan bat noiz izango duzun. Ez dakizu lanik gabe bi aste, bi hilabete edo urte erdi bat egongo zaren. Ezjakintasunean bizi gara, eguna joan eta eguna etorri. Aitziber Garmendiak esan zidan ondorengoa ere: «Lasai, lana etortzen da». Kezkatu egin nintzen zeinen lasai esan zuen ikusita. Baina pentsatu nuen, ohituta dagoela horretara eta badakiela horrela funtzionatzen dugula, gure lana horrelakoa dela.



Lan kontraturik gabe zaudenean, ordea, ez zara geldirik egoten.

Idaztea asko gustatzen zait. Lehen triste edo haserre nengoen momentuetan idazten nuen, sentsazio horiek askatzeko. Orain, ordea, beste egoera batetik idazten eta sortzen ikasi dut. Orain, esaterako, dokumental bat egitea darabilt buruan eta nola egin pentsatzen ari naiz. Dirutza kostatzen da ordea, gehiegi, eta talentu eta gogo faltarik ez dago, baina diru asko da.

Diziplina ugari aipatu dituzu, zertan sentitzen zara erosoen?

Sortzen lasai egotea asko gustatzen zait, entsegu bat gustura egitea ere bai. Komedian oso gustura sentitzen naiz, baina oraindik ikertzen ari naiz, gauza desberdinak egiten eta ikusten. Dokumental bat, esaterako, ez dakit nola egiten den, hori ere ikasi egin beharko dut. Arrazoi bat baldin badaukat zerbait egiteko, gustura aritzen naiz.


Hodei Arrastoa agertoki gainean. TRISTAN PEREZ-MARTIN


Azken urte honek gehiago kolpatu du sektorea?

Lehendik ere errenka zetorren eta oraingo honek zaildu egin du egoera. Antzokiak itxita zeuden eta arau zorrotzak bete behar izan ditugu. Itxialdian geundenean, etxean, telesailak ikusi, irakurri, musika entzun eta bestelakoak egin ditugu; hori kultura kontsumitzea da, baina, gero ez goaz antzerki bat ikustera, ez badigute herriraino ekartzen. Eta ez naiz ari esaten Donostiara joan behar dugunik kultura kontsumitzera, baina ezin dugu gure kultura kontsumoa oso-osorik herriko kultura zinegotziaren esku utzi. Ohitura gutxi dago mugitzeko, ez bada musika talde baten kontzertu bat ikustera joateko edo pertsona oso ezagun batek egin duen antzezlan bat ikusteko.

Momentu honetan zer daukazu eskuartean?

Gauza txiki batzuk baditut, baina ezer finkorik ez. Irailerako bai, baditut gauzatxo pare bat. Batetik, Donostiako La Farandula mikroantzerkian nik idatzi eta zuzendutako obra motz bat aurkeztuko dut irailean 16tik 26ra, eta Xabier Elizalde aktoreak antzeztuko du. Bestetik, Zizurkilen LGTBIQA+ kolektiboari buruzko emanaldi baten proposamena aurkeztu dut, data oraingoz zehaztu gabe badago ere, beste herri batzuetara ere eraman nahiko nuke.

Bartzelonak abantailak dituela esango zenuke lan arloan?

Aukera askoz gehiago dago, mota guztietako antzerkia dagoelako, baina konpetentzia ere miloi bat aldiz handiagoa da. Ez da erraza. Han ikasi dut, eta han dauzkat kontaktuak, hemen ikasi izan banu agian beste modu batera ikusiko nuke. Kantitate aldetik han gehiago egiten dela uste dut, handiagoa delako. Hemen, Euskal Herrian, urtean oso pelikula gutxi egiten dira euskaraz.

Zer du Bartzelonak Euskal Herriak ez duenik? Eta alderantziz?

Bartzelona kosmopolita da, kolore asko du. Aukera dago, mugimendua, abiadura, bizi kultural bat dago, nik hala ezagutu dudalako eta hala bizi naizelako. Esaterako, hilabetean zortzi aldiz edo antzokira joaten naiz. Hemen nora joango nintzateke antzerkia ikustera hilean zortzi aldiz? Nik asko kontsumitzen dut, eta hemen ez daukat aukera hori.

Eta Euskal Herriak daukana, lankidetza eta umiltasun handiagoa da. Herri txikia garen aldetik, gu gara, kuadrilla handi bat bagina bezala. Konpetentziarik ez dut sentitu hemen. Hori plazera da. Txikitasun honetan umiltasuna ere badugu.

Etorkizunera begira, non ikusten duzu zure burua?

Neure burua ez dut beste ezertan ikusten, egiten dudan honetan ez bada. Hemen segi nahi dut, lan egin nahi dut pelikulak, antzezlanak egiten, saiatuko naiz eta lortuko dut. Badut kuriositatea, indarra eta gogoa, beraz, ahal den bezala muturra sartu eta aurrera.

Hodei Arrastoa agertoki gainean. TRISTAN PEREZ-MARTIN

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!