Ikasturtean egindako esfortzua eta ahalegina ofizialki aitortu egin digute. Teleberrin ikusi dut. Horrelako aintzatespenak ondo daude eta ez naiz ni izango soberan daudela esango duena, halere, zinemako azken lerroan esertzen den ikusle anonimo gisa hartu dut. Burutazio horiek nireak dira noski, beste moduan hartzen duenik ere egongo baita.
Nik ere espazio hau aitortzarako aprobetxatu nahi nuke. Eskoletan lan ikaragarria egin da, zuzendaritzetatik hasita, irakaslea ez den lantaldeko azken profesionaleraino. Aitzitik, ikasturte honetan egin duguna gure betekizuna dela uste dut, eskolaren funtzioen artean gure haur eta gazteen ondoan egotea baita. Batzuek pribilegiatutzat jotzen gaituzte «opor amaigabeak» izateagatik, baina bertan dihardugunok harago joaten badakigu, eskerrak. Lan itzela dugu bai, baina, bereziki, gure etorkizuna izango den gazteen konfiantza eta zaintza ditugulako esku artean. Zorte handia dugu bai, gustuko dugun horretan gaudelako, bokazioa zer den ezagutu dugulako. Pribilegiatuak guk, lan zoragarri hau garatu dezakegulako. Testuinguru zaila eta baliabideak eskasak izanik ere, hezkuntzaren ipar hori ezin dugu galdu.
Gazteak eta festa binomioak oihartzun handia hartu du egun hauetan, baina nik nahiago dut ikasturtean zehar izan duten jarrera eta portaera eredugarria ikusi
Jarraituz, aitortzarik sakon eta zintzoena pandemia honek ekarri duen enbatari aurre egin dien ikasle guztiei. Egokitzeko gaitasuna zer den erakutsi diguten ikasleei, ezarri zaizkien arauak eta mugak onartzeko moduagatik, itxaropentsu eta gogotsu agertzeagatik. Une zailetan irauteko indarra izan duten eta besteei eusten lagundu duten ikasle boluntario horiei guztiei, zalantzarik gabe, nire esker ona.
Amaitzeko, gogorarazi nahi dut joan den uztailaren 15ean ospatu dela Gazteen Trebetasunen Munduko Eguna, 2014tik ospatzen dena. Gazteak funtsezko faktoreak dira gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta iraunkorragoa lortzeko. Paradoxikoki, gazteak dira desberdintasun sozialekiko joera handiena dutenak.
Gazteak eta festa binomioak oihartzun handia hartu du egun hauetan, baina nik nahiago dut ikasturtean zehar izan duten jarrera eta portaera eredugarria ikusi.
Opor bikainak opa dizkizuet.
«Ez utzi barruko gazteria lapurtzen. Kanpokoa, halabeharrez, denborak eramaten du. Baina, barruan, geure buruari begira gazteri borrokalaria dago, eta oso hitz sinple eta txiki bati lotuta dago: giza izaerarekiko elkartasuna». (José Mujica).