Samaniego ikastetxeko kiroldegia ari dira berritzen

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 19a, 14:04

Tolosako Udalak esan du gaur hasi direla Samaniego ikastetxeko eraikina birgaitzen. Erdi sotoko planta, aldagelen sarrera inguruko kanpoaldea eta estalkia eraberrituko dituzte, egoera txarrean daudelako.

Samaniego Herri Eskolako kiroldegiko eraikina birgaitzeko lanak hasi dituzte gaur. Eraikinak mota ezberdineko kalteak dauzka eta horiek konponduko dituzte ikasturte berria hasi aurretik, Tolosako Udalak esan duenez. Gaineratu du erdi sotoko planta hormigoizko egitura batek osatzen duela eta oxidazio ugari topatu dituztela bertan. Kaltetutako egitura hori saneatuko dute (zutabe, habe eta habexkak) eta bertako aireztapenerako irteeren azalerak handituko dituzte hego-ekialdeko fatxadan. Hautsitako edo lekualdatutako hormigoizko gangatilak ere konpondu edo ordezkatuko dituzte. Aldagelen sarrera inguruko kanpoaldean, estaldura jarraia eta iragazkaitza ipiniko dute, era beran. Lanak Uzturpe eraikuntza enpresak egingo ditu (17.058,32 euro) eta bi hilabeteko epea du lanak gauzatzeko.

Estalkiaren eraberritzea
Lan horiez gain, eraikinaren estalkia ere eraberrituko dute. Maldadun isurialdeen, buruhormen eta fatxadaren txapazko estaldura ordezkatuko dute eta txapa lakatu eta grekatu berria ipiniko dute. Estaldura kentzean, egitura sendotzeko lanak egingo dituzte estaldura berria jarri aurretik. Ipar-ekialdeko eta hego-mendebaldeko  beirateen ordez polikarbonato zelularra eta altzairuzko lamak jarriko dituzte, kirol-kantxaren aireztapena eta argiztapena errazteko.  Egiturari dagokionez, alde batetik, zutabe metaliko berriak jarriko dituzte hormaren parean, eta goiko estalkira arte luzatuko dute, eta bestetik, profil eta pletina metalikoak soldatuko dituzte. Egituran suteei aurre egiten laguntzeko tratamendua egingo dute. Lan hauek Cerramientos Industriales Cubertek SL enpresak egingo ditu (112.511,33 euro) eta ikasturte berria hasi aurretik amaitu beharko ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!