Udako sormen egonaldiak itxi dituzte Topic-en

Ataria 2021eko uztailaren 14a

Udako egoitzak itxi ditu Topic zentroak, Don Davel Konpainiak egin berri duen sorkuntza egonaldiarekin. Konpainiak Tolosan sortu duen ikuskizunaren izenburua Lihed da, Elzear Duquetteren Historia Harrigarria.

Davel Puente Hoces-ek antzerkirako duen grinaren ondorioz sortutako konpainia da eta bidaiari malabarista izateaz gain, zirkuaren, magiaren, objektuen antzerkiaren eta, oro har, eszenaren zale amorratua da baita ere. 2014 eta 2016 bitartean, Cirque Bidon konpainia frantziar historikoko kide izan zen. Gaur egun, malabarista eta mago gisa parte hartzen du Frantzian, Espainian eta Italian, eta era berean, sorkuntza lanetan aritzen da.

Horren adibide da Topic zentroan egin duen sormen egonaldia, eta izandako esperientzia errepikatu egingo lukeela esan du: "Topic sortzeko leku aproposa dela uste dut eta taldekide guztiok oso pozik gaude, gure proiekturako instalazioak eskura jarri dizkigutelako. Oso garrantzitsua da artistentzat horrelako erakundeen babesa sentitzea".

Konpainiak Tolosan sortu duen ikuskizunaren izenburua Lihed da, Elzear Duquetteren Historia Harrigarria. 1970eko hamarkadan, bere hilkutxa gurpil gainean jarrita, munduari bira eman zion pertsonaia xelebrea, bertan lo egin, sukaldatu eta dutxatu egiten zelarik. "Bere historiatik erakarri ninduena zera izan zen, baikortasun handiz eta 60 urterekin egin zuela. Bere biografian kontatzen du inoiz ez zela adoretzen, denbora infinitua ez dela konturatu zen egunetik. Horregatik erabiltzen ditugun txotxongiloak hareazko erlojuak dira", esan du Davelek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!