ELKARRIZKETA

«Gizakiaren identitatea galtzen da historia galtzen bada»

Erabiltzailearen aurpegia Agurtzane Belaunzaran 2021ko uzt. 14a, 07:59

Itziar Elguea Isasi Jesusen Zerbitzariak kongregazioko lekaime egin zen gaztetan eta batera eta bestera ibili da, ezinduen zaintza lanbide; egun, Tolosako Eguneko Zentroan aritzen da; Tolosaldepedia proiektuari ere bere ekarpena egin dio.

Gorputzak eta arimak laguntzen dioten bitartean lanean jarraitzeko asmoa du Itziar Elguea Isasik (Bilbo, 1950). Filosofia eta Letrak ikasi, Historian berezitu eta Erizaintzan Lizentziatu zen gero. 22 urte zituela erabaki zuen moja izatea, etxean erabakiak hautsak harrotu bazituen ere. Erroman 28 urte egin zituen, astean zehar erizain eta astebukaeratan gida turistiko lanetan. Azken urteetan Tolosa du bizileku eta Eguneko Zentroan dihardu lanean. Emakume dinamikoa eta polifazetikoa da Elguea.

Sortu zenetik ezinduei laguntza ematea du helburu zuen Kongregazioak. Zaintza erdigunean aspaldi jarri zenuten zuek.

Osasun langileak gara Kongregazioko kideak eta zaintzaz arduratu izan gara 1871n Bilbon sortu zen lehen komentutik. Tolosako Eguneko Zentroa gure etxean dago eta dependentzia maila oso handia duten egoiliarrak etortzen dira gurera. 30 ditugu orain eta beraien zaintzaz arduratzen gara; jolasak egiten ditugu, musika entzuten dugu, abestu, eskulanak... lan gogorra da, baina asko asebetetzen nau egiten dudanak.

Maitasuna eta sakrifizioa da zuen leloa.

Jaungoikoari diogun maitasunagatik, gu geu sakrifikatu gara gustuko gauzetatik eta gure lehentasunetatik, beste batzuei mesede egin eta laguntzearren.

Sakrifizioak, ordea, badu zentzu negatiboa.

Bizitzan egin dudana eta egin ez dudanak osatzen dute orain naizena. Uko egin nionak eta moja bizimoduak eman didanak. Emakume zoriontsua naiz azken batean.

Gurasoek ikasketei garrantzi handia eman omen zien.

Hiru senide gara eta gurasoek ikasketak eman nahi zizkiguten. Dirurik ez zigutela utziko zioten, baina herentzian unibertsitateko ikasketak eman zizkiguten. Jakintzari balio handia ematen zioten. Beraz, Deustuko unibertsitatean, Filosofia eta letrak ikasi nuen eta gero Historian berezitu nintzen. Amaitzean, moja izan nahi nuela nuen buruan, eta gurasoentzako kolpe handia izan zen. Gure etxean ez ginen bereziki erlijiosoak, baina nik, 22 urte nituelarik, barruan ezinegona nuen eta lekaime izateko desira.

Bilboko Jesusen Zerbitzariak Komentuan sartu zinen orduan.

Urte gutxi egin nituen han, eta etxera itzuli nintzen. Gurasoen poza handia izan zen!

Krisiren bat eduki al zenuen?

Komentuan nik moja izateko ez nuela balio erabaki zuten eta etxera joatea gomendatu zidaten. Agian galdera gehiegi egiten nituen, jakin-mina nuen, ez nintzen beti errezoan egoten eta gauzen zergatia jakitea gustatzen zitzaidan; ez zuten asmatu nire kuriositatea asebetetzen.

Eta ikasten jarraitu zenuen.

Medikuntza ikasi nahi nuen, baina karrera luzeegia zela iruditzen zitzaidan nik nuen adinerako, 25 urte nituen orduan. Gurutzetan Erizaintza ikasi nuen, EHUko fakultatea artean sortzeko zegoen.

Titulua eskuan zenuela komentura itzuli zinen berriro.

Gurutzetan lan postua banuen arren, komentuko atea kax-kax jo eta beste aukera bat eman zidaten. Nik moja izan nahi nuen eta azken batean bizitza horretara moldatu behar izan nuen, asko galdetu gabe eta nire jakin-minak plazaratu gabe. Oso pertsona irekia eta jakin-minez beterikoa nintzen. Ikasketak nituen eta nire buruari galdera asko egiten erakutsi zidan unibertsitatean ikasteak.

Denbora gutxi egin zenuen Bilbon hala ere.

Zorte handia izan nuen, Erromara bidali baininduten! 27 urte egin nituen Erroman, 55 urterekin berriro hona bidali ninduten arte.

Nolakoa zen Erroma 28 urteko neska gazte haren begietan?

Zoragarria zen eta bereziki niretzat. Historia ikasketak egin ostean, barneratu nuen informazio guzti hura berraurkitu nuen, liburuetan ikasi nuen hura ukitzeko, ikusteko eta gozatzeko aukera izan nuen. Erromako txoko guztiak ezagutzera iritsi nintzen, beti aurkitzen nuen zerbait ederra.

Vatikanoan ere lan egin duzu.

Gidari lanak egin nituen Vatikanoan. Zoragarria izan zen, espainolez eta italiarrez gidatzen nuen. 1983an hasi eta ia 2000. urtera arte aritu nintzen. Hasiera batean Vatikanoan bakarrik egiten nituen gidari lanak, gero errepertorioa zabaldu eta Erroman egiten nuen lan. Hiria handia da eta arkitektura aldetik aukera zabala du: Erdi Arokoa, klasikoa, errenazentista, barrokoa... Abitua soinean nuela eramaten nituen taldeak.

Emakume oso polifazetikoa eta dinamikoa zara.

Oso okupatua bizitu nintzen. Horretaz gain, kongregazioan aldizkari bat genuen eta nik idazten nuen guztia, hein batean editorea, kazetaria eta argazkilaria ere banintzen. Barne liburu bat idazteko ere eskatu zidaten, Bilbo, Gasteiz, Burgos eta Erroman kongregazioak izan zituen lehen etxeen inguruan. Azken batean, historia galtzen bada, gizakiaren identitatea galtzen da.

Tolosaldepedian ere zure ekarpena egiten ari zara.

Tolosan gure kongregazioak duen etxearen historiaren informazioa idatzi dut bertan. Horixe izan da nire hondar alea Tolosaldeko informazio bilketan. Gure etxea 1886. urtean Tolosan zergatik sortu zen kontatu dut Tolosaldepedian.

Eta izan zituen zereginak ere zerrendatu dituzu.

Halaxe da. Hasiera hartan tifusa, kolera, baztanga eta gripea zituzten gaixoak zaintzen ziren. Egoera soziala aldatzean eta emakumea lan munduan sartzean, haurrak zaintzeko beharra zegoela ikusirik, 1892an haurtzaindegia ireki zen gure etxean, eta XX.mende ia amaiera arte egon da. Eguneko zentroa berriz duela 22 urte ireki genuen.

Denbora librean zer egitea duzu gustuko?

Irakurle amorratua naiz. Eskuartean dudan gailu elektronikoa nobelaz josia dut.

Gaur egungo migrazio mugimenduarekin, gizartean dibertsitate erlijiosoa agerikoa da. Nola bizi duzu hori abitu zuritik?

Sinesmen guztiak, bizitza ulertzeko eta interpretatzeko modu ezberdinak aberastasuna dira. Pentsatzen jartzekoa da eta gure buruari galdetzekoa: zer erakutsi eta eman diezagukete? Lehenik eta behin, jakituria ezberdina, sinesmen ezberdinak... Emakume musulmanak beloa jantzita ikusten ditudanean, beraiek nitaz zer pentsatzen duten galdetzen diot neure buruari!

Erlijio guztien oinarrian gizatasuna dago.

Jainkoak gizatasun handia du.

Baina Jainkoak forma eta izen ezberdinak hartzen ditu munduan.

Ados, baina ez dago inongo ezberdintasunik, gizakiak gara ezberdintasunak egiten ditugunak. Nik Jainkoa deitzen diot, besteak Jabe edo Ala akaso. Geografikoki leku ezberdinetan jaioak garenez, kultura ezberdinak jaso ditugu, nik ezin dut pentsatu beste kontinenteetan pentsatzen duten moduan. Milaka urtez, nirearengatik oso ezberdinak diren sinismenekin bizi izan dira, baina denen gakoa on egitea da.

Kamerunen ere kongregazioak badu etxe bat.

Pentsa ezazu kamerundarren sinismenak eta gureak zein ezberdinak diren. Haiek animistak dira, indar gorena naturan dagoela sinesten dute eta niretzako naturaren indarra, Jesusen indarraren errepresentazioa da. Nolabait, sinismen guztietan ulertu ezin dugun horri esplikazioak bilatzen saiatzen gara. Gure jakinduriatik harago dago eta forma eta izen ezberdinak emanez saiatzen gara ulertzen.

Kristautasuna beheraldian dagoela esango al zenuke, gero eta apaiz eta moja gutxiago daudela kontuan hartuta?

Bizitza ikaragarri aldatu da eta egun libertatea nahi du jendeak, dirua edukitzea… Gure bizitza estiloan gauza asko utzi behar dituzu alde batera, Jainkoari diogun maitasunagatik eta gaur egun hori zaila da.

Zerbait egin gabeko penarik ba al duzu?

Euskararik ez nuen etxean jaso eta kanpoan pasa ditut urte asko. Gidabaimena lortzerik ere ez nuen izan hiru azterketa egin ostean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!