ELKARRIZKETA

«Gurpil baten moduan proiektua hazi egin da, eta ilusioz hartu dut»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 17a, 07:58
Ana Arsuaga Aranbarri tolosarra da Verde Prato. E. MAIZ

Verde Prato izena jarri dio Ana Arsuaga Aranbarri (Tolosa, 1994) artistak bere bakarkako proiektuari. Serpiente eta Mazmorra taldeetan aritutako musikariak proposamen bat tarteko hasi du bakarkako bidea. Kondaira eder hura diskoa kaleratu du.

Noiztik datorkizu musikarako zaletasuna?

Beti izan naiz zalea, eta beti gustatu izan zait. Nire izebek piano akademia bat dute Tolosan, eta txikitatik lehengusu guztiak bertara joaten ginen. Horrela hasi nintzen solfeoa eta pianoa ikasten. Aldiz, abestu nire kontura egin izan dut. Bilbora Arte Ederrak ikastera joan nintzen, eta lagunak-eta egiten hasi nintzen. Lagun horiek taldeak zituzten, eta egun batean, horietako batek talde bat sortzeko proposamena egin zidan, eta Serpiente sortu genuen. Horrela hasi nintzen musika munduan.

Familiak umetatik sartu zaitu, beraz, musikaren munduan.

Pixka bat bai. Nolabait, formazio pixka bat, baina ez pentsa gehiegi eman didatenik ere. Gehiago izan da jolas moduan ikastea, lagunekin batera. Azkenean, pianoaren formakuntzak edo formakuntza arautu horrek zerikusi gutxi dauka egiten dudanarekin edo kontzertu bat ematearekin edo talde bat sortzearekin. Beste modu batean izan da sorkuntza prozesu hori.

Bilbo aldean taldea sortuta, baina nolatan erabakitzen duzu bakarkako bidearekin hastea?

Geroago, baina ia aldi berean. Taldea utzi baino lehen sortu zen Verde Prato proiektua. Justu, Serpienterekin hasi nintzenean Mazmorra izeneko talde batekin ere ibili nintzen, bi taldeetan batera arituz. Momentu horretan, bat-batean, Jon Mantzisidor artista eta musikariak esan zidan kontzertu esperimental batzuk ari zirela egiten, eta ea abesti batzuk bakarka abestu nahi nituen. Serpiente taldetik ezagutzen ninduen, eta froga moduan eskaini zidan aukera.

«Neure buruan ez zegoen bakarrik zerbait egitearen ideia»

Animatu egin zinen.

Ekitaldi esperimentala zenez probatzera animatu nintzen. Dibertigarria izan zitekeela pentsatu nuen, baina gau horretan bakarrik egiteko zen. Pare bat abesti egin nituen, eta gau hartan abestu. Lagun batzuk ikusi ninduten, eta gero, hortik aurrera, kontzertu gehiago eskaini zizkidaten bakarka. Eta ze ondo pentsatu nuen nire artean, bat-batean, frogatxoak funtzionatu egin du edo norbaiti gustatu egin zaio, eta horrek ilusioa egin zidan. Horrela hasi nintzen pixkanaka abestiak sortzen, kontzertu horietarako. Gurpil baten moduan proiektua hazi egin da, eta ilusioz hartu dut.

Noiz izan zen bakarkako lehen kontzertu hori?

Orain dela bi urte eta erdi edo izan zen gutxi gorabehera.

Ez zenuen zalantzarik izan oholtza gainera igotzeko?

Beldurra ematen zidan, eta egia esan nahiko gaizki pasa nuen egiterako orduan. Baina aldi berean banuen jakin-mina nolakoa izango zen jakiteko. Bakarrik gauza bat egiten duzunean zuk kontrolatzen duzu dena eta zuk nahi duzun bezala egin dezakezu, guztiz. Eta horrek egiteko gogoa sortzen zidan.

Ausarta izan zinen.

Ausarta edo pixka bat eroa. [Barreak].

Verde Prato izena jarri diozu. Zer dela eta edo nondik dator?

Berez lehen egunerako izena jarri behar nion proiektuari edo frogatxo horri, eta zein izen jarri pentsatzen hasi nintzen. Zaila da izena jartzea proiektu bati, eta pentsatu eta pentsatu ari nintzela gogoratu nintzen Verde Pratoz. Tolosako antzerki tailerreko zuzendaria da nire ama, eta ni txikia nintzenean obra bat egin zuen Verde Prato izenekoa, Basile italiarraren ipuin batean oinarrituta. Hortaz oroitu nintzen, izan ere, beti kartela etxean eduki izan dugu, eta kartelaz gogoratu nintzen. Asko gustatu izan zait beti. Izen iradokitzailea iruditzen zait. Jartzeagatik jarri nion; kapritxozko erabakia izan zen, egia esan. 

Oroitzapenen kutxatik tiraka, beraz.

Bai, eta ipuinen kutsuarekin baita ere.

«Niretzat gozamen bat da nik dena erabaki ahal izatea»

'Kondaira eder hura' da diskoa. Zazpi abesti eta istorio bat harilkatuta. Horrela egitea pentsatuta zenuen?

Lehen egunerako pare bat abesti egin behar nituenez, idazten hasi nintzen eta konturatu nintzen denbora guztian gai berdina zela. Eta behin gainerako kontzertuetarako gehiago konposatzen hasi nintzenean, agian hitzak konposatzerako orduan posible nuela gai horretatik tira egin pentsatu nuen eta fikzio batera eraman. Orduan, pentsatu nuen opera edo antzerki baten moduan, non, bakoitzak bere bertsioa ematen duen, hau da, istorio baten bertsioa edo zatitxo bat kontatzen dut. Horregatik izan zen. Aitzakia moduan, baina aldi berean lagundu egin dit istorio bat sortzeko eta letrak sortzeko.

Proiektu hau baino lehen ere sortzen zenituen abestiak?

Berez bakarkakorako ez, baina taldeekin bai. Azkenean, taldeetan ere hori izan da nire papera, abestea. Letrak-eta nik idazten nituen, baina neure buruan ez zegoen bakarrik zerbait egitearen ideia. Esan egin zidaten eta horrela hasi nintzen momentuan.

Eta harrapatu zaitu?

Bai-bai. Niretzat gozamen bat da nik dena erabaki ahal izatea. Bere alde txarra ere badu bakarrik aritzeak. Besteen talentuekin ezin duzu jolastu, eta ezin duzu ezer sortu; zure bizioekin ari zara. Eta aldi berean, zuk erabakitzen duzu dena, nondik joan, emaitza ere zerorrek kontrolatu ahal duzu hobeto...

Oholtza gainean ere zu bakarrik. Eroso sentitzen zara?

Gustatzen zait. Ideia bera ere gustatzen zait. Neska gazte bat agertoki batean. Gustatzen zait indarra eta boterea hortik sortzea. Musikari edo talde batek izan dezakeen indarra momentu horretan, non bera dagoen zerbait esaten edo, eta hori gustatzen zait neska gazte bat izatea. Kontzeptualki gustatzen zait. Aparte, oholtzara igota badago tentsio eta beldur puntu bat, eta, bestalde, hori ere gustatzen zait. Hori gainditzea eta tentsio horretan hor egotea. 

Nola definituko zenuke egiten duzun musika?

Ez da erraza, baina jarri egin behar nuela-eta, euskal musika herrikoi esperimentala. Badu hortik zer edo zer. Musika herrikoitik eta musika euskaldunetik asko edaten dut, baina aldi berean, musika garaikide ezberdinetatik ere bai. Esperimentazioa hor sartuta dagoela esango nuke.

Ez da ohikoena zuk egiten duzuna, ezta?

Ez dakit. Non kokatu ondo jakiteko ez dut neure buruarekiko distantzia hori. Ez nuke jakingo ikuspegi orokor batean non kokatu. Musika tradizionalarekin musika esperimental asko egin dela esango nuke, ezagunena Laboatik hasita. Asko egin da. Haizea edo Izukaitz beste garai bateko taldeak dira, baina baita Mursego, Amorante, Ibon RG,... jende asko dabil gauzak egiten tradizioa oinarri hartuta. Bakoitzak bere terrenoan jotzen du eta bakoitzak bere ekarpena egiten du.

«Ideia bera ere gustatzen zait. Neska gazte bat eszenatoki batean. Gustatzen zait indarra eta boterea hortik sortzea»

Herrian, Bonberenean aurkeztu duzu zure diskoa. Nolako esperientzia izan zen?

Oso ona izan zen. Jendea oso adi moduan sentitu nuen. Atmosfera bat sortu zen, eta hor funtzionatu zuela pentsatzen dut. Bazegoen kontzentrazio giro bat, eta oso pozik. Oso gustura jo nuen, eta asko disfrutatu nuen. Eta gainera, Bonberenean oso-oso ondo tratatu ninduten.

Epe laburrean, non ikusi daiteke Verde Prato?

Hilaren 24an Cartagenan (Murtzia) dut kontzertua La Mar de Musicas jaialdian, eta abuztuaren 1ean, Madrilen, La Casa Encendidan daukat beste kontzertua. Oraintxe bertan Euskal Herritik kanpo ditut kontzertuak.

Zure lanaren gainean zer jaso duzu ingurukoengandik?

Familia eta lagunengandik gauza onak [Barreak]. Beste taldeekin agian ez zait pasa, eta asko gustatzen zaidan zerbait da, jende oso ezberdinaren eta musika mundutik kanpo dagoenaren iritzi on bat jasotzea. Hori gustatzen zait. Seinale ona dela iruditzen zait, edo nik behintzat horrela hartzen dut. Esaterako, nire amona asko gustatzen zaiola esanez etortzea; beste taldeekin hori ez dit inoiz esan. Jende oso ezberdinak entzun dezakeela iruditzen zait, eta hori gustatzen zait.

Tolosarrentzat hain ezaguna den 'Galtzaundi' abestiarekin ere bertsio bat egin duzu.

Bai. Niretzat Tolosako eta inauterietako abestiak-eta influentzia dira, eta aurretik komentatu dudan moduan musika herrikoia dira. Hortik asko edan dut. Familian abestu dut, herrian abestu dut beti nire lagunekin, zerbait berezia da niretzat. Inguru afektibo bat daukat abesti horiekin, eta bertsio bat egiterakoan horrekin nahi nuen lan egin. Ildo horrekin, eta beste leku batera eraman edo nire mundura eraman.

Musikari izateaz gain, artista ere bazara. Diskoko azala eta kontrazaleko irudiak zerorrek egin dituzu. 

Bai, baina kasu honetan ere proposatu egin zidaten. Hasiera batean bazuen nartzizismo puntu bat ez zitzaidana gustatzen, baina aldi berean, dena nik egiten badut: musika konposatu, eszenatokira atera, paseak, ahotsa,... Do it yourself, hau da, autosufizientzia ideia pila bat dago. Topera dena egiten dut, eta jada neronek borobiltzen dut ideia.

Orain kontzertuak lotu nahian zabiltza buru-belarri? 

Bai. Aurten oso zaila izan da, baina pixkanaka ari dira kontzertuak ateratzen. Horretan ari naiz, eta ea zenbat ateratzen diren. Nik ez dut hain zaila eduki. Bakarrik nago agertokian, musika nahiko lasaia da,... eta hala ere, asko nabaritu dut, beraz, ez dut imajinatu ere egin nahi horrela, hau da, eserita-eta funtzionatzen ez duten taldeek zenbat nabaritu duten. Urte zaila izan da bai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!