Saman

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2021ko uzt. 16a, 20:58

Saman Teherango kafetegi batean. URA ITURRALDE

Pandemiaren egoera ikusita, aurten ere ezingo dut pentsatuta neukan bidaia burutu. Lehenbailehen bueltatu nahiko nuke Teheranera nire lagunak bisitatzera, ez nuke beraiekin nuen harreman polita galdu nahi. Oraingoz posible ez denez sare sozialak besterik ez zaizkit geratzen haien berri izateko. Ahal dudan guztietan hitz egiten dut beraiekin egoera nola daramaten jakiteko eta benetan pozten naiz ikustean ondo daudela, ez dutela aparteko berririk niri kontatzeko. Nik ezagutu bezala jarraitzen dute gehienek, Saman izan ezik.

25 urte zituen Samanek Teherango kaleetan ezagutu nuenean. Oinez gindoazela aipatu zidan bisexuala zela eta gogorregia egiten zitzaiola bizia bere jaioterrian. Aske izan nahi zuela, ez zuela buruan zapirik eraman nahi eta ez zituela gobernuak ezarritako neurriak gehiago jasan nahi. Arrazoi honengatik Thailandian igarotzen zituen gutxi gorabehera sei hilabeteko boladak, ondoren berriro gurasoen etxera bueltatzeko. Bere asmoa ordea beti izan zen Bangkoken geratu eta bertan bizi berri bat hastea ingeleseko irakasle bezala. Iranen ia hilabete batera egin eta gero, etxetik jarraitu dut bere ibilbidea Facebook bitartez.

Benetan hunkitu nintzen beraz, orain dela bi aste, ezkondu egin zela jakin nuenean. Elkarrekin bizitako egun zoragarri guzti haiek etorri zitzaizkidan burura, zenbat oroitzapen, zenbat abentura…

25 urte zituen Samanek Teherango kaleetan ezagutu nuenean. Oinez gindoazela aipatu zidan bisexuala zela eta gogorregia egiten zitzaiola bizia bere jaioterrian

Nire bidaia hain erraza egin zuen neska polit hari asko zor diot dudarik gabe. Orain dela urtebete Bangkoken bertan ezagututako mutil batez maitemindu eta ezkondu egin dela esan berri dit, oso zoriontsu dagoela ingeleseko irakasle bezala lan egiten institutu batean. Bere ametsa zena lortu du beraz, hasiera batean erraza ematen ez zuen arren.

Amankomunean ditugun lagun irandar gazteak ere badituzte ezinezkoak diruditen helburuak. Bata moda diseinatzailea izan nahi du Milanen, bestea diseinatzaile grafikoa atzerrian eta azkena bitxigilea.

Eta zergatik ez? Galdetzen diot neure buruari… Saiatzen ari dira behintzat, noizbait beraien aukera iritsiko denaren esperantzarekin. Okerragoa izango litzateke saiatuko ez balira, hori bai tristea. Instagramen ikusten ditut egunero sortzen dituzten lanen argazkiak. Kalean saltzen hasi dira oraingoz... gerora nork daki?

Beste gauza askoren artean Samanek erakutsi dit lortu nahi duzun hori borrokatzeak merezi duela, nahiz eta azkenean ez eskuratu, ahalegintze hutsak zoriontsu egin gaitzakeela.

Zorionak Saman!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!