Kale zurruta debekatuta dagoela gogoratu du Tolosako Udalak

Ataria 2021eko uztailaren 12a

Tolosako hainbat eremutan esku hartu dute asteburuan.

Tolosako Udalak esan du Udaltzaingoa eta Ertzaintza modu koordinatuan ari direla herriko eremu ezberdinetan esku hartze eta zaintza lanak egiten, "pilaketak ekidin eta herritarren segurtasuna bermatzeko". Larunbat gauean Rondilla kalean bere burua zauritzen ari zen gazte bat ospitalera eraman behar izan zutela esan du.

Tolosako Udalak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazioa txalotu du. Esan du "alarma egoera bertan behera geratu zenetik, eta baita aurretik ere, herritarren segurtasuna bermatzeko eta arrisku egoerak eta jende pilaketak ekiditeko zaintza eta esku hartze lanak modu bateratuan eta era koordinatuan gauzatzen" ari direla. Zehaztu du dispositibo eta operazio bateratuak martxan daudela eta jende pilaketak ekiditeko herriko gune ezberdinetan patruilak ezarri dituztela.

Horiek horrela, larunbat gauean herriko hainbat eremutan esku hartze eta zaintza lanak egin zituzten udaltzainek eta ertzainek, gazteen pilaketak sakabanatu eta herritarrak artatzeko. Skate park-eko gunean elkartuta zeuden 200 gazte sakabanatu zituzten, eta Iurre auzoan eta Lopez Mendizabal plazan ere esku hartu zuten. Era berean, Rondilla kalean bere burua zauritzen ari zen gazte bati laguntza eta sorospena ematera gerturatu zirela esan du eta gaztea anbulantzian eraman zutela ospitalera.

Erantzunkidetasuna

“Azken egunotan kutsatze tasak nabarmen egin du gora Tolosan, horregatik,  jende pilaketak ekidin behar ditugu eta gizalegez eta erantzunkidetasunez jokatzen jarraitu; egoerari eusteko elkarlana ezinbestekoa da” azpimarratu du Olatz Peon Ormazabal alkateak. “Kale zurruta debekatuta dago eta horiek ekiditea lehentasunezkoa da, horregatik gazteen pilaketak prebenitzeko zaintza eta esku hartze lanak indartu dira; dagoeneko egoera kezkagarria da eta kontrolaezina bilakatu ez dadin gurasoek ere ardura hartu behar dute;  guztiok dakigu errealitatea zein den eta Udaltzain eta Ertzainek hainbat intzidentziei erantzun behar izaten diete egunero eta ezin dira soilik gazteen pilaketak sakabanatzen aritu”, gaineratu du alkateak. Gogoratu du Inauterietan eta sanjoanetan Ai Laket elkarteko kideekin aritu dela udala elkarlanean, eta elkarteko kideek gazteekin hitz egin dutela kale zurrutaren inguruan eta "lanketa pedagogiko garrantzitsua" dela esan du, "baina baita ere neurriak errespetatzea, eta beraz, ezarrita dauden neurriak errespetatzen ez badira neurriak hartuko dira guztion osasuna dagoelako jokoan, eta herritar guztion osasuna eta segurtasuna bermatzea delako gure lehentasunik nagusiena”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!