"Gauzei bere izenez: hilketa matxista Murchanten"

Ataria 2021eko uztailaren 10a

Atzo arratsaldean, Trianguloa plazan elkartu ziren herritarrak Murchanteko hilketa salatzeko. TAF

Ostegunean Anoetan egin bezala, atzo Tolosako Trianguloan elkartu ziren herritarrak, Tolosako Asanblada Feministak deituta, Murchanteko erailketa matxista salatzeko.

Tolosako elkarretaratzean ozen salatu zuten pasa den asteazkeneko hilketa: "Gauzei bere izenez: hilketa matxista Murchanten". Maria Pilar Berrio Jimenez-en hilketarekin, Euskal Herrian, 2021ean laugarrena dela gordinki salatu dute: "Laugarren emakumea erail du gizon batek Euskal Herrian, eta honezkero agortu zaizkigu hitzak barruan dugun hau guztia azaltzeko". 

Honela, hainbat komunikabidetako titularretara begira jartzeko beta hartu zuten Tolosako elkarretaratzean:  "Bide horretan, erasotuta eta etsita sentitzen gara, oraindik ere, emakume bat 'hil egin dela' irakurri edo entzuten dugunean. Ez, andre-jaunok: gu hil egiten gaituzte, erail".

Maria Pilar Berrio Jimenez uztailaren 7an erail izanak, gogora ekarri du, ezinbestean, data berdinean baina hamahiru urte lehenago izandakoa: "Uztailaren 7a zen Murchanten, eta uztailaren 7a, hamahiru urte lehenago, Iruñean, Diego Yllanesek Nagore Laffage erail zuenean ere. Lazgarria da efemerideok gure agendetan izan beharra".

Indarkeria matxista bikote harremanetatik harago

Murchanteko kasuak agerian utzi du indarkeria matxista ez dela bikote harremanetara mugatzen, nahiz eta legediak beste bide batzuk hartu. Tolosako Asanblada Feminista horiek guztiak gaitzesteko ahotsa hartu zuen atzoko elkarretaratzean, beste behin ere: "Heteropatriarkatua gure errutinaren zirrikitu guztietara sartzen da, iragarki, aholku, gutxiespen, gurasokeria, ukitu, jazarpen, mandatu estetiko, esplotazio edo ahotsaren bidez". 

Azkenik, Murchanteko hilketaz harago, azken egunotan, LGTBIQA+ kolektiboa jasaten ari den egoeraren aurrean euren babesa azaldu zuten bildurikoek: "Heteropatriarkatua bortitz ari da, LGTBIQA+ kolektiboko pertsonen aurka lanean. Gogor salatu nahi ditugu eraso eta hilketa horiek guztiak ere".

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!