Autobus elektriko berria aurkeztu dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 9a, 19:59

Gaurtik aurrera martxan da, ohiko ibilbide, ordutegi eta tarifarekin; ibilgailu "moderno, abangoardista eta irisgarria" da, eta Irizar-emobility enpresak ekoiztu du.

Tolosako Hiribus zerbitzua zero emisioko autobus elektriko berriak eskainiko du aurrerantzean. Ohiko ibilbidea egingo du, ordutegi eta tarifa berarekin. Egoitz Sorozabal Tolosako Udaleko lurralde arloko arduradunak azaldu duenez, Legealdi Planak jasotzen du Hiribus proiektua; "Tolosa herri jasangarriago bilakatzeko helburuaren baitan kokatzen da, horregatik, estrategiko bezain garrantzitsua da". Sorozabalek esan du aldaketa klimatikoaren erronka globalari tokikotasunetik ere erantzun behar zaiola: "Urteak daramatzagu udalerri jasangarriago baten alde urratsak egiten, eta bide horretan elektromugikortasuna eta trantsizio energetikoa jorratu beharreko lan lerroak dira".

Sorozabalek gogoratu du, tokiko eremutik energia eta klima trantsizioari erantzuteko hainbat egitasmo eta proiektu abiarazi dituztela. Halaber, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko plana garatzen ari direla azaldu du, eta hor kokatu du, esaterako, Ferialekuan jarri dituzten eguzki panelak edota gaur aurkeztu duten autobus elektriko berria. Ildo horretan, Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak mugikortasun jasangarriaren bidean garraio publikoa indartzeak duen garrantzia azpimarratu du. Era berean, esan du Hiribus zerbitzua Mugi sisteman txertatzeko azken urratsak ematea geratzen dela, eta laster izango dela horretarako aukera.

Aurrerantzean, beraz, Tolosako Hiribus zerbitzua zero igorpeneko autobus berriaren bidez eskainiko da. Kontratu berria Aubosuses Cuadra SL enpresari esleitu zaio bost urtez, eta kontratuaren barruan, Irizar e-mobility enpresak diseinatu, garatu eta ekoiztu du autobusa. Imanol Rego Irizar e-mobilituko zuzendari nagusiak Adunako lantegian ekoiztu dela nabarmendu du, eta Tolosako Udalari eskerrak eman dizkio apostua egiteagatik. "Harrotasunez betetzen gaitu guk eginiko autobus elektrikoa Tolosan bertan ikusteak".

Autbos elektriko berria, ibilgailu modernoa da itxurari dagokionez, eta tranbia baten ezaugarri estetikoak ditu. Hiru ate ditu, 21 eserleku, horietatik 4 mugikortasun urriko pertsonei eta gurpildun aulkiei zuzenduak, eta beste bi gune haurren kotxeentzat. Irisgarritasuna bermatuta duela diote egileek, arrapala sistemak baititu. Guztira, 81 pertsona garraiatzeko gaitasuna du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!