Etorkizunari buruzko hausnarketan parte hartzeko gonbidapena luzatu du aldundiak

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 8a, 11:42

'Etorkizuna Eraikiz Kapsula' Tolosan egongo da gaur egun osoan zehar.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Etorkizuna Eraikiz programak lurraldearen etorkizunari buruzko hausnartzera eta konprometitzera bultzatu nahi ditu herritarrak. Eider Mendoza Gobernantzarako foru diputatuak azaldu duenez, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko lanean ari da foru gobernua, eta ariketa horretan funtsezko elementua da herritarrekin daramaten lankidetza: "Zertan ari garen bezain garrantzitsua da nola ari garen, guztion artean adostutako erantzunak izan behar dute gure geroa diseinatuko dutenak, eta beraz, prozesu horretan asko dute esateko herritarrek. Parte hartze hori sustatzea da hain zuzen ere kapsula honen helburua".

Duela bi aste hasi zuen bere herriz herriko ibilbidea kapsulak eta dagoeneko Arrasate, Irun, Beasain, Zarautz eta Errenteria bisitatu ditu. Datorren astean Donostian amaituko du bira. Foru diputatuak azaldu duenez partaidetza ezinbesteko tresna da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskura dezaten. "Partaidetzari esker, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da... Asko dira dituen abantailak", esan du Gobernantzarako foru diputatuak.

Tolosan izan da gaur Mendoza eta alboan izan du Joseba Ormazabal Komunitatea eta Gobernantza saileko zinegotzi arduraduna. Ormazabalek eskerrak eman dizkio aldundiari kapsula Tolosara ekartzeagatik eta batez ere herritarrak etorkizunaz hausnartzera gonbidatzeagatik. "Lankidetza publiko komunitarioa ezinbestekoa da egungo zein etorkizuneko erronkei aurre egiteko, elkarlana ezinbestekoa da", adierazi du Ormazabalek, eta azpimarratu du azken batean herrigintza elkarlana dela, herritarrekin, elkarrekin politika publikoak garatzea. Zinegotziak aipatu duenez Tolosan arlo honetan urrats garrantzitsuak eman dituzte legealdi honetan, "herritarren partaidetza sustatzeko, herritarren inplikazio eta konpromiso indibidual zein kolektiboa indartzeko eta herritartasun aktiboa bultzatzeko". Udal arduradunek argi dute erabakiak eta proiektuak partekatuak eta adostuak behar dutela izan: "Funtsezkoa da herritarren nahiak, iritziak, kezkak eta beharrak gertutik ezagutzea eta kontuan izatea, horiei erantzutea eta bereziki indarrak batuta lan egitea".

Denboraren kapsula

Kapsula Tolosako Trianguloa plazan jarri da eta egun guztian zehar egongo da bertan. Kanpotik ikusita tunel moduko bat da eta bisitaria kapsulara sartzean Gipuzkoak egun dituen ezaugarriak ikusten ditu parez pare. Hortik abiatuta, Gipuzkoak 2040an zein balio mantendu beharko lituzkeen galdetzen zaio bisitariari. Ibilbidea bukatzeko, bisitariari etorkizuna eraikitzeko euren konpromisoa idazteko eskatzen zaie eta gero inprimatu eta bakoitzak bere etxera eramateko aukera dute, kapsula batean gordeta. Honekin batera, kanpoaldean photocall bat dago, herritarrei euren konpromisoarekin argazkia ateratzeko gonbita luzatzen zaie eta parte hartzaileak bere helbide elektronikoa emanez gero argazkia Gif formatuan bidaltzen zaio.

"Ekimen oso interaktiboa da, jolas moduan planteatu nahi izan duguna baina sakoneko helburua zein den ahaztu gabe: mundua abiadura bizian aldatzen ari da, etengabeko transformazio prozesu baten erdian gaude eta Gipuzkoako epe ertain eta luzera dituen erronkak sekulakoak dira. Desafio horiei aurre egiteko ezinbestekoa da erakundeak, elkarteak, enpresak eta ezagutza zentroak inplikatzea, baita herritarrak ere", esan du Mendozak. Orain arte bisitatu dituzten herrietan, bataz beste, 150 ekarpen jasotzen dituztela esan du foru diputatuak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!