Turismo sektoreari bultzada emateko, eskaintza berritu dute

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 8a, 07:59

Tolosako Udalak garai berrietara egokitzen jakin du, eta bisitariak jasotzeko prestatu da; berritasunen artean, herria ezagutzeko audiogida eta hiru tenpluen bisita prestatu ditu.

Tolosako Udalak turismo eskaintza indartzeko garai berrietara egokitzen jakin du, eta, besteak beste, Tolosaren historia eta bilakaera azaltzen dituen 18 kapitulu laburreko audiogida sortu du QR kodeen bidez, informazio gehigarriarekin. Horrez gain, bisita gidatuen bidez Alde Zaharra eta azoka ezagutzeko eskaintzei, udako berrikuntza moduan, hiru tenplu nagusiak bisitatzeko aukera gehitu die: Santa Klara komentua, San Frantzisko eliza eta Andre Maria eta bere gangak.

Pandemiak «gogor» jo duela turismoa azpimarratu du Nerea Letamendia Turismoa, Merkataritza eta Azoken saileko zinegotziak, eta turismoa indargunetzat dutenez, udari begira lanean aritu direla. Aurkezpenean alboan izan ditu Brian Cullen eta Gema Lopez turismo bulegoko teknikariak. Hauek izango dira bisitariak edota herritarrak hartuko dituztenak.

Aurreko hilabeteetan, turismoa eta sektorea indarberritzen zen momenturako «etxeko lanak» egiten aritu dira udaletxean. Baliabide berriak prestatu dituzte, eta uda eta berarekin oporrak iritsi direla aprobetxatuz aurkeztu nahi izan dituzte.

Azken urteetan egin duten moduan uda osoan eskainiko dituzte bisita gidatuak, eta lau izango dira aukeran. Bisitarientzat bezala, tolosarrentzat ere aukera «ona» dela argitu dute. Abuztuaren 31 bitarte luzatu dute eskaintza.

Bisita gidatuak albo batera utzita, digitalizazioari garrantzia eman diote, eta Tolosa norbere kasara ezagutzeko aukera prestatu dute. Gaztelako atea da abiapuntu, eta bertatik hasita beste 17 interesguneren podcast bana jarri dituzte eskura, QR kodeen bidez.

Turismorako Tolosako Udalean garbi dituzte Tolosak dituen indarguneak: gastronomia, azoka, kultura, Topic museoa, familia turismoa, berdeguneak, merkataritza,... «Indartu nahi ditugu, eta guretzat ere zaila izan da urte honetan suspertu eta babestearen artean oreka aurkitzea», esan du Letamendiak.

2019. urtean turismoaren igoera «izugarria» izan zela ekarri du gogora Letamendiak: «Turismoaren indargune batetik gentozen, eta pandemiak jotzean hankaz gora geratu zen guztia». Zinegotziaren esanetan, ordea, «sektorea argia ikusten ari da». Aurreikuspenak «txukunak» direla aurreratu badu ere, «osasun egoeraren bilakaera» kontuan hartu beharko dela azpimarratu du.


BISITA GIDATUAK

Astelehenetik asteazkenera
10:00. Tolosako Alde Zaharra.
11:30. Tolosako 3 tenpluak, Andre Mariako ganga barne.

Osteguna eta ostirala
10:00. Tolosako Alde Zaharra.
11:30. Tolosako 3 tenpluak, Andre Mariako ganga barne.
16:00. Andre Maria parrokiko ganga.
17:30. Tolosako Alde Zaharra.

Larunbata
10:00. Tolosako Azoka.
11:30. Tolosako 3 tenpluak, Andre Mariako ganga barne.
16:00. Andre Maria parrokiko ganga.
17:30. Tolosako Alde Zaharra.

Erreserba egiteko Tolosaldea Tour Turismo bulegoan, 943 69 74 13 telefono zenbakian edo tour@tolosaldea.eus helbide elektronikoan. Bisiten kostu arrunta hiru eurokoa da, eta murriztua, 1,5 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!