Dama Berdeko 4 palmondo kendu eta eremua txukunduko da datozen egunetan

Ataria 2021eko uztailaren 7a

Tolosako Udalak gaixorik dauden palmondoak kenduko ditu eta eremu guztia txukunduko du, zorua eta eremua egoera onera ekartzeko.

Dama Berdeko palmondoen kokalekua ez da landare mota honetarako egokia, izan ere, hazten diren heinean, ez dute sustraiak botatzeko lekurik eta ondorioz zorua altxatzen dute. Hazteko beharrezko leku falta dela-eta, batzuk gaixotu egin dira eta udalak erabaki du gaixorik dauden palmondo hauek kentzea.

Eremuaren zenbait tokitan zorua guztiz hondatuta dago palmondoen eraginez, eta Zumarditxikitik Dama Berderako sarbideetako bat ere itxi behar izan da eragozpenik ez sortzeko. Egoerari irtenbidea emateko, udalak gaixorik dauden 4 palmondoak kenduko ditu datozen egunetan eta eremua txukundu eta bere onera itzultzeko. Kenduko ez diren palmondoekin zer egin aztertuko da, arazo bera egon ez dadin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!