Lizardiren omenezko ibilbidea

Irati Saizar Artola 2021ko uzt. 7a, 11:59

125 urte bete dira aurten Xabier Lizardi jaio zenetik, eta euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana omentzen duen monumentura bisita egiteko une aproposa izan daiteke.

Mendiz inguratutako eskualdea da Tolosaldea, eta horrelakoak dira eskualdeko herri guztiak ere. Ibilbideak ere milaka daude, eta horietako bat da Tolosan dagoen Lizardiren ibilbidea.

Zarautzen jaio zen Jose Maria Agirre Egaña, ezagunagoa Xabier Lizardi moduan, duela 125 urte. Hamar urte inguru zituenean etorri zen Tolosara bizitzera, eta idazlea eta, bereziki, olerkaria izan zen. Euskal Kultur Pizkundea mugimenduko kidea ere izan zen, eta bere oroimeneko monumentua dago jarrita, Tolosako txoko batean.

Ibilbide ezberdinak daude monumentua dagoen lekura iristeko, baina ibilbiderik motzena San Esteban auzotik abiatutakoa da. Asfaltozko errepideari jarraika edota baserri artetik dauden bidezidorretan gora, Korteta landetxeko bidegurutzera iristen da. Han, bi aukera: marka arrosei jarraitu eta Kortetatik barrena igotzea, edo Mutitegi baserri ingurura hartu eta zuzen-zuzen igotzea.

Bigarren aukera horri jarraika, Mutitegi baserriaren atzealdetik pasa eta bidegurutze batekin egiten da topo. Marka urdinei jarraituta, Zaparen bordara iristen da, eta handik aurrera eginda, Montezkue eta Urkizu batzen dituen ibilbidera atera daiteke. Bidegurutzean ezkerreko bidea hartuta, ordea, jarraian ikusten da egurrezko gezi bat, Lizardi jartzen duena. Bide hari segika, monumentua dagoen eremura iristen da. Sarritan ibiltzen omen zen paraje horietan barrena olerkari ezaguna, eta horren lekuko bere oroimenez altxatutako monumentua.

Monumentuaren albo batean, Damaiturrira daraman seinale bat dago, eta 450 metroko bide zidor horretan aurki daitezke Lizardik berak idatzitako hainbat olerki ezagun. Egurrezko poste batzuei itsatsita dauden plaketan irakur daitezke olerkariak idatzitakoak. Egun, Damaiturrira iristean, langa batez itxita dago ibilbidea, beraz, berriro ere monumentua dagoen lekura itzuli behar da, handik berriro ere leku beretik Tolosa herrigunera itzuli edo beste bideren bat hartzeko.

Marka arrosei jarraituta, Korteta landetxera iristen da, edota bestela, monumentutik gora dagoen aldapari jarraituz, Montezkuetik Urkizura doan bidera ateratzen da bidexka hori ere, eta aukera ederra da Urkizuko iturrian ur trago bat egin, bertako parajeez gozatu, eta berriro ere Tolosara itzultzeko.


IBILBIDE AMAIERA

Ibilbidea amaitzeko Euskal Pizkundearen plaza izan daiteke leku aproposa. 2013an jaso zuen izen hori Aranburu jauregiaren ondoan dagoen plazak. Besteak beste, Aitzol, Lizardi eta haien belaunaldikoek euskara eta euskal kulturaren alde egindako lana omentzen duen txokoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!