Zibersegurtasunari buruzko jardunaldiak, Emari Coworking gunean

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 6a, 13:28

Enpresa eta ekintzaileei zuzendutako bi saio egingo dituzte bihar eta irailaren 8an. Aurrez eman behar da izena enplegua@tolosa.eus helbidean.

Emari Coworking gunea Tolosako hiri ekonomia indartzeko erreferentziazko gunea da, eta ekintzaileek hastapen fasean dauden proiektuak garatu ditzakete bertan. Lan lekua izateaz gain, Tolosako Udalak formakuntza saioak antolatzen ditu Emarin.

Iaz, ekintzaileen lehiakortasuna hobetzeko marketing aurreratuari buruzko 4 hilabeteko iraupena izan zuen formakuntza eskaini zen Mondragon Unibertsitatearen eskutik, eta, aurten, ikastaro eta jardunaldiak bi kolektibori zuzenduta antolatuko dira: ekintzaileak eta enpresak. Udazkenean hasiko dira ekintzaileentzako ikastaroak, eta, orain, uztailaren 7an eta irailaren 8an, Zibersegurtasunaren inguruko jardunaldi ezberdinak antolatu dira Emarin ZIUR Fundazioaren eskutik, enpresa txiki eta ertainentzat, eta baita ekintzaileentzat ere.

Tolosan egingo diren lehen jardunaldiak
Uztailaren 7an eta irailaren 8an izango dira Zibersegurtasunaren inguruko jardunaldiak Emari Coworking gunean. Lehen aldia da enpresei zuzendutako horrelako jardunaldi bat antolatzen dela Tolosan eta aukera bat da bertako enpresa eta industriarentzat zibersegurtasunaren arloa garatzeko.

Jardunaldietan honako gaiak jorratuko dira: zibersegurtasunaren funtzioa, zibersegurtasun industrialaren mitoak eta mehatxu industrialak. 09:00etatik 11:00etara izango dira Emari Coworking gunean eta helburu dute enpresei industria-segurtasunari heltzeko tresnak ezagutaraztea eta enpresek zibersegurtasun industrialean sakontzeko duten interesa ezagutzea.

Plazak mugatuak direnez, aurrez izena eman behar da enplegua@tolosa.eus helbidera mezu bat bidaliz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!