Laskoain kalea trafikora zabalik

Ataria 2021eko uztailaren 5a

Oinezkoek lehentasun osoa izango dute aurrerantzean, eta bertako merkataritza sustatzeko "Gune Biziak" proiektua garatuko du udalak.

Eraberritze lanak amaitu ostean, Laskoain kalea trafikora zabalik dago berriro. Urtarrilean hasi ziren eremuaren berritze lanekin eta zazpi hilabeteko iraupena izan dute. Lanen helburua izan da "oinezkoei lehentasun osoa ematea, espazioa herritarrentzat atseginagoa egitea eta eremuaren irisgarritasuna hobetzea".

Bi fasetan gauzatu dituzte lanak. Lehen fasean Laskoain-Nafarroa etorbidea arteko eremua berritu zen eta bigarren fasean, berriz, Laskoain eta Gudari kaleen arteko eremua. Bertako azpiegiturak berritu dituzte, eta, jasangarritasunaren bidean, saneamendu sarea berritu dute, euri urak eta ur zikinak bereizteko, eta kale-argiztapen berria jarri dute Led argiak erabilita, energia kontsumoa murrizteko. Irisgarritasuna hobetzeko, espaloiak zabaldu dituzte eta espaloia zein errepidea maila berean jarri dute. Hiri altzari berriak eta lorategiak ere ipini dituzte eremu osoan.

Behin lanak amaituta, "elkarbizitza gune” izendatuko dute Laskoain kalea, "oinezkoek lehentasun osoa izan dezaten". Ondorioz, autoek abiadura murriztu beharko dute bertatik igarotzean.

Bestalde, kalearen eraberritzearekin bertako merkataritza jarduera sustatu nahi du udalak, Nafarroa Etorbidea edota Gudari kaleekin gertatu den moduan. Eraberritze lan nagusiak amaituta, “Gune Biziak” proiektua garatuko du orain Laskoain kalean, "merkataritza paisaia berreskuratu eta merkataritza jarduera sustatzeko". Eremuan egin beharreko lan guztiak abuztu amaierarako bukatzea aurreikusten du Tolosako Udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!