Laugarren bandera lortu du Tolosaldeak

Ataria 2021eko uztailaren 4a

Gaur Sestaoko Udalaren bandera irabazi dute, eta ETE Ligako lehen bost banderetatik laugarrena eraman dute.

III. Sestaoko Udalaren Bandera zegoen gaur jokoan Portugaleten, eta beste behin Tolosaldea trainerua gailendu da. Gauzak honela, bost estropadetatik lau irabazi dituzte oraingoz. Gaurkoan TAK klubeko arraunlariek 10.40,73ko denbora egin dute, eta bigarren izan den Deustori sei segundoko abantaila atera dio. Hibaika izan da hirugarren, zortzi segundora, eta laugarren Zumaia helmugaratu da, ia 13 segundoko tartearekin.

Bosgarren jardunaldiaren ondoren, Tolosaldea ligako lehen postua mantentzen eta sendotzen doa. Izan ere, 54 puntu ditu eskualdeko traineruak, eta bigarren doan Deustok 49 puntu ditu. Hirugarren doa Hibaika 45 punturekin, eta Zumaia laugarren, 38 punturekin. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!