Herri administrazioaren eta gizarte eragile guztien artean hizkuntza politika partekatua sustatzeko eta hizkuntza normalizazioaren alorrean lanean jarraitzeko sortu du Tolosako Udalak Euskararen Aholku Kontseilua. Xabier Balerdi euskara saileko zinegotziak azaldu duenez udalaren jarduna eta herri dinamikak uztartzen ditu kontseiluak: "Euskararen normalizaziorako ezinbestean erakundeek eta gizarte eragileek indarrak batu behar dituzte".
Hizkuntza politikako beharrei erantzuteko tresna "egoki eta eguneratu" bat izango da Euskararen Aholku Kontseilua, Balerdiren hitzetan. "Tresna gisa abiatu da, lan egiteko modu berri batekin, 2019an martxan jarritako udal egitura berriaren barruan". Gaur egun kontseiluan parte hartzen dute udaleko euskara zinegotziarekin batera, euskara sailak, udal talde politiko guztietako ordezkariek eta ondorengo eragileek: Uemak, Galtzaundi euskara taldeak, Herrikide, Laskorain, Samaniego, Inmakulada eta Orixe hezkuntza zentroek eta TOLOSALDEKO ATARIAk.
Maiatzean egin zuten kontseilua eratzeko lehen bilera eta Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berriaren diseinua lantzeko bildu dira gaur. Hitzorduak hileko lehen ostiraletan egiten dira eta parte hartzeko interesa duten eragileentzat ateak zabalik daude, horretarako mezu bat bidali behar dute euskara@tolosa.eus helbidera.
Hilean bilera bat
Kontseiluan parte hartzen duten eragileen izenean hitz egin du Maixabel Zubillaga Aitzol udal euskaltegiko zuzendariak. Aholku batzorde honen egitekoetako batzuk azaldu ditu: "Kontseiluak udalari lagunduko dio euskararen inguruko plan estrategikoak diseinatzen eta garatzen eta onartutako plan estrategikoa garatzeko urteko kudeaketa planen diseinuan eta jarraipenean parte hartuko du. Oro har, Tolosan euskararen erabilera normalizatzeko lanekin zerikusia duten gaiak aztertuko ditu eta euskararen inguruan sor daitezkeen arazoak konpontzen saiatuko da, tolosarrek aurkeztutako kexa eta iradokizunak bideratuz".
Igor Agirre Galtzaundi euskara taldeko arduradunak azaldu du Euskararen Aholku Kontseiluak izango duen funtzionamendua: "Hileko lehen ostiraletan bilduko da kontseilua eta udalak duen euskararen planari jarraipena egitearekin batera, udalak eragileekin osatua duen euskara sustatzeko ekintza plan egitasmoari jarraipena egingo zaio, eragile bakoitzak plan horren barruan dituen funtzioak, hartutako konpromisoen betetze maila eta lanketaren berri emango da".
2019. urtera arte martxan egon den udaleko euskararen plana berritzea da lehentasuna Agirreren esanetan. "Hurrengo urteetarako helburuak markatuko dira, zenbat urteetako plana izango den zehaztuko da eta lehentasunak jartzearekin batera indarrak non jarri eta nork zer egingo duen landuko da. Dokumentu hori landu ondoren udalbatzari pasako zaio plana onar dezan", esan du Galtzaundi euskara taldeko ordezkariak. Euskara zehar-lerroa izanik, bileretan hilero gai bat –kirola, migrazioa, komunikabideak...– lantzeko asmoa aipatu du Agirrek, "gogoeta egin eta ikuspuntuak partekatzeko".
Tolosako udalak duela 25 urte baino gehiago sortu zuen euskara batzordea, udalak eta eragileak elkarlanean euskararen sustapenerako ekintzak garatzeko. Urteotan urrats garrantzitsuak eman direla nabarmendu du Balerdik: "Dagoeneko euskara gehiago entzuten da kalean, lanean, aisialdian eta familian... eta euskara hutsean bizi gaitezen urratsak egiten jarraitu behar dugu, aurrean ditugun erronkei eutsiz eta ditugun beharrei erantzunez. Hori horrela, tolosarren hizkuntza eskubideak bermatzeko pauso bat gehiago da Euskararen Aholku Kontseilua".