Bi atxilotu bi auto karabanatan lapurreta egiteagatik

Ataria 2021eko uztailaren 2a

Ertzaintzak 22 eta 27 urteko bi gazte atxilotu ditu goizaldean Tolosako San Esteban auzoan, lapurreta egitea leporatuta.

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu Tolosako San Esteban auzoan aparkatuta zeuden bi autokarabanatan lapurreta egiteagatik. Ertzaintzak dei bat jaso du eta gerturatzean ihes egiten ari ziren bi pertsona atzeman ditu. Banketxetako txartel batzuk, objektu elektronikoak, arropa eta janaria zituzten soinean.

Ertzaintzak esan du, gazteek zeramatzaten objektuen jatorria identifikatzen saiatu direla eta jakin ahal izan dutela inguruan aparkatuta zeuden eta alboko leihoak behartuta zituzten bi autokarabanatakoak zirela. Horren aurrean, bi pertsona horiek atxilotu dituzte indarrez lapurreta egitea leporatuta, eta Ertzaintzaren egoitzara eraman dituzte dagozkien polizia-eginbideei hasiera emateko. Bi atxilotuak gaur jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan Tolosako Guardiako Epaitegian.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!